Pablo Neruda egoitza berriro publiko bihurtzea eskatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2021ko mai. 24a, 20:00
Argazkia: PIXABAY

EH Bilduk Pablo Neruda egoitzaren lizitazio berria geldiarazteko eta zentroa berriro publiko bihurtzeko eskatu dio GOFEri: "Prezio berria egoitza publikoen kostuaren oso antzekoa da; kudeaketa pribatuak ez du zentzurik".

Batzarkide talde subiranistak mozio bat erregistratu du Batzar Nagusietan, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeari (GOFE) bi eskakizun helarazteko. Alde batetik, Pablo Neruda egoitzaren lizitazio berria "premiaz" geldiaraztea; izan ere, proposamenak aurkezteko epea gaur bertan, hilaren 24an, amaituko da. Bestalde, zentroa berriro publiko bihurtzea.

Pablo Neruda egoitza Gasteizen dago, eta hamalau erabiltzaileri eskaintzen die arreta eta zaintza psikogeriatrikoa. Egoitza publikoa izan zen hasiera batean, baina zeharkako kudeaketara igaro zen beranduago, enpresa pribatu baten esku utziz.

Joan den astean, maiatzaren 17an, egoitzaren lizitazio berria lehiaketara atera zen, GOFEk sinatutako hitzarmenerako esparru-akordioan ezarritakoaren bestelako baldintzatan: plaza bakoitzeko 4.590 euro hilean, plaza publiko baten kudeaketa kostutik oso gertu; hala ere, egoitza hain txikia izateak kostua garestitu egiten du.

EH Bilduk egoitza horren "berezitasuna" aitortu du, baina baldintzen agiri horiek esparru-akordioa "indargabetzen" dutela deritzo. "%3,5eko igoera ausazkoa da: ez zen igoerarik edo igoera handiagorik egin behar", adierazi du Luis Maria Salgado batzarkideak. Horregatik, egoitza publiko bihurtzea eta kudeaketa zuzena berrezartzea "behin betiko konponbidea" dela defendatu du.

"Lehentasuna da adinekoentzako kalitatezko arreta eta enplegua baldintza duinetan sustatzea. Egoitza bat berriro publiko bihurtzea eta lurraldeko plaza publikoak handitzea horretarako aukera ederra da", gaineratu du batzarkideak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide