Gasteizko Mendiak mendi proba irekia ekainaren 11tik 27ra bitartean egingo da

Erredakzioa 2021ko mai. 24a, 12:47
Gasteizko Mendiak lasterketaren aurreko edizio bat. / Argazkia: Manuel Iradier Elkartea

Gasteizko Mendiak mendi proba tradizionala bertan behera geratu da, baina banaka eta modu irekian egin ahal izango da ekainaren 11tik 27ra bitartean, plataforma birtual baten bitartez.

Manuel Iradier Txangolari Elkarteak, Vital Fundazioaren laguntzarekin, Gasteizko hegoaldeko mendietan antolatu ohi duen mendi proba plataforma birtual baten laguntzarekin egingo da aurten, nahi duen orok banaka eta modu irekian parte har dezan.

EAEko zein estatuko mendi proba ezagunenetako honen ibilbidea 1997an sortu zenetik izan ohi duen berbera izango da: Uribarri Jauregi eta Gasteiz artean, 62 kilometroko luzera eta 5.816 metroko desnibelarekin (2.848 metroko igoera eta 2.968 kilometroko jaitsiera). Tarte horretan, Itxogana, Indiagana, Arraialde, Almurrain, Kapildui, Zalbizkar, Lendiz, Arrieta, Zaldiaran, Busto eta Eskibel gailurrak zeharkatuko dituzte lehiakideek, Gasteizko Estadio Fundazioaren ondoan amaitu aurretik.

Izen-ematea ekainaren 1etik 20ra bitartean irekiko da, eta probaren oinarriak zein araudia datozen egunetan argitaratuko dituzte Manuel Iradier Txangolari Elkartearen webgunean.

Mendi proba irekia

Hori bai, ezohiko formatua izango du aurtengo probak. Ekainaren 11tik 27ra bitartean, ibilbide bera banan-banan egin beharko dute lehiakideek, aplikazio teknologiko bat erabiliz. Horretarako izena eman beharko du parte hartzaile bakoitzak, eta gehien komeni zaion eguna aukeratu ahal izango du.

Hiru modalitate izango dituzte parte hartzeko:

  • Proba egun bakarrean: Uribarri Jauregitik, Gasteizko Estadio Fundazioraino.
  • Ibilbidea bi etapatan eta bi egunetan: 1. etapa, Uribarri Jauregitik Okinaraino (31.590 metro); eta 2. etapa, Okinatik Gasteizko Estadio Fundazioraino (30.880 metro).
  • Ibilbidea hiru etapatan eta hiru egunetan: 1. etapa, Uribarri Jauregitik Hijonako baltsaraino (18.900 metro); 2. etapa, Hijonako baltsatik Gasteizko Mendate zaharreraino (25.400 metro); eta 3. etapa, Gasteizko Mendate zaharretik Gasteizko Estadio Fundazioraino (18.170 metro).

Ibilbidea amaitu ostean, egindako modalitatea edozein dela ere, parte hartzaileek egindako denbora eta euren izena jasoko dituen diploma bat jasoko dute, baita probaren oroitzapenezko kamiseta ere.

Ibilbidea jardunaldi batean eta gehienez 14 orduko denboran osatzen duten lehen modalitateko lasterkariek Hiru Haundiak probaren 2022. urteko ediziorako plazen zozketan parte hartuko dute.

Gutxieneko baldintzak

Antolatzaileek azaldu dutenez, hainbat hilabetez aritu dira lanean Gasteizko Mendiak izeneko proba tradizionala martxan jarri ahal izateko, baina pandemiaren aurrean "arduraz jokatu" nahi izan dute, eta, beraz, ekitaldia egokitzea erabaki dute.

Hasieratik, Aldundiarekin, Gasteizko Udalarekin, kontzejuekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Mendiko Federazioekin eta beste erakundeekin lan egin dute, baimen guztiak izateko. Azkenean, ondorioztatu dute gutxieneko baldintzak ez direla betetzen partaideentzat eta laguntzaileentzat beharrezko segurtasunarekin proba egiteko, ezta ohiko kalitatea eskaintzeko ere. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide