Gasteizek radar mugikor berria izango du

Erredakzioa 2021ko mai. 24a, 10:41
Ford Focus grisaren erabilerak polemika piztu zuen, espaloiaren gainean jartzen zutelako. ALEA

Martxan ari dela, ibilgailuen abiadura neurtzeko gai izango da radarra. 

Gasteizeko Udalak 68.425 euro bideratuko ditu radar mugikor berria erosteko. Udalak lizitatu duen kontratu baten arabera, gainera, radar berriak ahalmena izango du martxan dela gainerako ibilgailuei jarraipena egiteko.

Ford Focus markako radar mugikor gris famatua hiriko paisaiaren parte da duela hainbat urtetik hona, eta baita polemika iturri ere. Izan ere, duela hainbat urte autoa espaloien gainean jartzen zuten, horretarako moldatuta ez zegoen tokietan. Kritiken ostean, Udalak hainbat eremu margotu eta egokitu zituen, radarrari toki finkoak emateko, baina horrek autoaren presentzia errazago ikustarazten zuen.    

Orain, abiaduraren gaineko kontrola indartzeko asmoa du Udalak, eta, argitaratutako kontratutik ondorioztatzen denez, radar horren mugikortasun ahalmena funtsezkoa izango da. 

Agiriak ez du zehazten erosketa auto grisaren barruko radarra berritzeko bideratua ote dagoen ala, harekin batera, Udalak bigarren auto bat funtzionamenduan jarriko ote duen. Kontratua eskuratzen duen enpresak autoa jaso eta hiru hilabete baino lehen prestatu beharko du radarra.

DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak hilaren 11n indarrean sartu zuen errepide eta kale askotan 30 kilometro orduko abiadura ezartzen duen neurria, Gasteizek aspalditik muga horiek araututa zituen arren. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide