Etxebizitza Sindikatua

30.000 euro isunetan, Gasteizen etxegabetze bat gelditzen saiatzeagatik

Erredakzioa 2021ko mai. 19a, 11:30
Urtarrilean, 15 bizilagun etxegabetu zituzten Herrandarren kalean. / ETXEBIZITZA SINDIKATUA

Urtarrilean, hamabost bizilagun etxegabetu zituen Herrandarren kaleko 15. zenbakian. Etxebizitza Sindikatuak diru bilketa kanpaina bat abiatu du uztailaren 16ra arte, protesta egiteagatik isunetan ordaindu beharko dituzten 30.000 euroak biltzeko.

2021eko urtarrilaren 26an, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Gasteizko Herrandarren kaleko 15. zenbakian okupatutako etxebizitza bloke batean bizi ziren hamabost bizilagun etxegabetu zituzten. Etxebizitza Sindikatuak etxegabetzea gelditzen saiatzeko protesta deitu zuen.

Poliziaren dispositiboak hiru atxilotu utzi zituen. Horrez gain, bizilagunetako bi Atzerritartasun zerbitzura bidali zituzten kanporatzeko aginduarekin. Beste lau pertsona epaiketara joan beharko dute, Poliziak agintaritzaren aurkako atentatua eta desobedientzia larria egotzi zielako.

Bestalde, barruan zeuden sindikatuko hainbat kideri isunak iritsi zaizkie orain: 700 euroko hamabost isun desobedientziagatik (10.500 euro) eta 1.200 euroko 28 isun (33.600 euro edo, ordainketa aurreratuarekin, 16.800 euro), desobedientzia eta justizia oztopatzea egotzita.

Gainera, aitortu duenez, ez dute baztertzen datozen hilabeteetan kopuru hori handitzea, besteak beste, epaiketatik atera daitezkeen kalte ordainak direla eta. Guztira, beraz, etxegabetzeari aurre egiteagatik 30.000 euro inguru ordaindu beharko dituztela aurreikusi dute. 

Elkartasun kanpaina

Horren aurrean, Etxebizitza Sindikatuak eskerrak eman dizkio Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareari "egindako lanagatik eta emandako laguntzagatik". Sindikatuak azpimarratu du sare horren "gaitasun antolaturik gabe, ezinezkoa" izango zitzaiekeela prozesu osoari aurre egitea. Gainera, "klase elkartasuna" aldarrikatu dute "etxebizitzaren alde antolatzen direnen aurkako errepresioaren aurrean".

Beraz, jasotako isunei aurre egiteko, 60 eguneko diru bilketa kanpaina jarri dute martxan, uztailaren 16ra bitartean. Denbora horretan, 30.000 euro lortzen ahaleginduko dira sindikatua eta Gasteizko Kontseilu Sozialista, Go Fund Me crowdfunding plataformaren bitartez: "Bakoitzak ekarpena egin ahal izango du bere gaitasunen arabera", azaldu dute. Horrekin batera, jaialdiak eta zozketak ere antolatuko dituzte.

"Elkartasun antolatuak bakarrik arinduko du errepresio saihestezin honen pisua", azpimarratu dute.

 

"Etxebizitza interes pribatuen zerbitzura"

Isunen eta elkartasun kanpainaren harira plazaratutako komunikatuan, Etxebizitza Sindikatuak salatu du "hau guztia etxebizitza interes pribatuen zerbitzura dagoela erakusten duen adibide argia" dela. Jabeei eta Gasteizko Udalari leporatu diete ez zutela "inolako eragozpenik izan beren esku zuten indar guztia erabiltzeko jabetza pribatua defendatzeko, eta jabetza hori, gaur egun, erabat hutsik dago".

Era berean, "indarkeria eta kontrol soziala ezinbesteko bi elementu" direla uste dute: "Egun hartan ez zen soilik hamabost pertsona etxegabetzeko behar zen indarra erabili; egun hartan burgesiak argi utzi nahi izan zuen klase antolakuntza jazarria eta erreprimitua izango dela. Proletalgoak ez dezala antolakuntza independentean bere miseriarako irtenbide bideragarri bakarra aurkitu".

Okupazioa eta osasun neurriak

Pandemiaren ondorioz etxebizitzaren arazoak okerrera egingo duela ohartarazi dute, eta okupazioa defendatu dute "proletalgoaren parte batentzako irtenbide bakar" gisa. Horregatik, "burgesiari praktika hori kriminalizatzea lehentasunezkoa" zaiola uste dute.

"Pandemiarekin garatutako salbuespenezko legezkotasunak arbitrariotasun eta zigorgabetasun esparru bat sortu du polizia indarrentzat", gaineratu dute. "Horren erakusgarri da isun guztietan osasun neurrien ustezko ez-betetzea argudiatzea. Bitxia da burgesiak osasunaz duen pertzepzioa; familiak etxerik gabe uzteak ez dakar inolako osasun arazorik, etxebizitzaren defentsan antolatutako elkartasuna, ordea, guztiz kaltegarria da haientzat".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide