6.000 kolonbiar baino gehiago bizi dira Araban, eta herri kolonbiarraren protestak gure herrialderaino ere iritsi dira azken asteetan. Astearte honetan, Kolonbiako Herrien Kongresuak elkarretaratzea deitu du Gasteizen, eta dozenaka lagun bildu dira Andre Maria Zuriaren plazan.
"Gure herrialdean gertatzen ari denaren aurrean suminduta, errepresio militarrak eta ESMADek (Istiluen aurkako Eskuadroiak) emakumeak hiltzen, torturatzen, desagertzen eta bortxatzen jarraitzen dute, Ivan Duqueren gobernuaren neurri anti-herrikoien aurkako protesta legitimoak erreprimitzeko", salatu dute.
Izan ere, Kolonbiako protesten kontrako errepresioak hildako hainbat manifestari eta zauritu ugari utzi ditu, polizia-indarkeriako kasu zenbaezinez gain. Horren aurrean, Kolonbian gertatzen ari diren giza eskubideen urraketa horiek gaitzetsi dituzte mobilizazioan. Halaber, NBEk eta nazioarteko komunitateak dagoeneko errefusatu dute Kolonbiako gobernuaren indarkeria.