Herritarren Udal Txartela mugikorrean eraman ahal izango da

Erredakzioa 2021ko mai. 18a, 18:00
Adibidez, Mendizorrotza eta Gamarrako instalazioetara sartzeko balioko du. / ALEA

Maiatzaren 24tik aurrera mugikorrean eraman ahal izango da Herritarren Udal Txartela (HUT), Mendizorrotza eta Gamarrako igerilekuetan sartzeko edo gizarte etxeetako zerbitzuak erabiltzeko. Titularrek SMS bat jasoko dute txartela instalatzeko.

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailaren berrikuntza teknologiko bati esker, Herritarren Udal Txartela (HUT) mugikorretik erabili ahal izango da maiatzaren 24tik aurrera. Txartel fisikoak mantenduko dira, beraz, erabiltzaileak nahiago duen aukera erabili ahal izango du une bakoitzean.

Sistema berrian, erabiltzailearen argazkia, izen-deiturak, jaioteguna eta nortasun agiria agertuko dira; horrekin batera, barra-kode bat, QR kode bat eta itsasontzien jokoa izango ditu. Modu horretan, adibidez, posible izango da udal liburutegietan liburuak maileguan hartzea, udal instalazioetan sartzea edo udal ikastaroetan izena ematea.

Txartel bat baino gehiago kargatzeko aukera emango du, eta hori bereziki erabilgarria izango da gurasoentzat, seme-alaben HUTa ere gorde ahal izango dutelako.

Mendizorrotza eta Gamarra

Udako kanpaina maiatzaren 28an hasiko da Gamarra eta Mendizorrotzeko igerilekuetan, eta aurten ez da erreserbarik beharko. Sistema berriarekin, gainera, gasteiztarrek lehen aldiz erabili ahal izango dute mugikorra instalazioetara sartzeko. Kirol guneetan sartzeko tornuak egokitu dira HUT mugikorrak daraman QR kodea irakurtzeko.

SMS mezuak

Sistema berria ezarri bezain laster, maiatzaren 24tik aurrera, Udalak SMS mezu bana bidaliko die titularrei, txartela gailuetan instala dezaten. Lotura batean klik egin eta argibideak jarraitu beharko dituzte; betiere, erabiltzaileak bere telefono zenbakia eman behar izango du aurretiaz.

Beste aplikazio batzuk

Gasteizko Udalak beste hainbat berrikuntza teknologiko aurkeztu ditu 2021ean zehar; horien artean bi web aplikazio:

  • VGReservas: udal instalazioetako erreserbak kudeatzeko.
  • GeoVitoria-Gasteiz: geolokalizazio-aplikazioa, udalerriko toki, jarduera eta interesguneak plano edo satelite bidezko argazki baten gainean kokatzea ahalbidetzen duena.

Horrez gain, WhatsApp bidezko informazio zerbitzua ere martxan jarri du aurten, Enplegu Zerbitzuaren ikastaroei buruzko berriak jasotzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide