Mendizorrotza eta Gamarrara sartzeko ez da erreserbarik beharko aurten

Erredakzioa 2021ko mai. 11a, 19:11
Gamarrako igerilekuak aurreko denboraldi batean. / ALEA

Udako denboraldia maiatzaren 28an hasiko da Gamarra eta Mendizorrotzeko instalazioetan. Aurten, igerilekuetara sartzeko ez da erreserbarik beharko, baina edukiera kontrolatuko da eta pertsona bakoitzak bost orduz egoteko aukera izango du.

2020ko ezohiko denboraldiaren ostean, Mendizorrotza eta Gamarrako instalazioek nolabaiteko normaltasuna berreskuratuko dute aurtengo udako kanpainan. Covid-19aren aurreko segurtasun neurriak eta edukieraren kontrola mantenduko diren arren, pandemiaren aurreko irekiera datak eta ordutegiak berreskuratuko dira; gainera, erabiltzaileak aldez aurretik erreserbatu gabe sartu ahal izango dira.

Horrela, maiatzaren 28tik aurrera, zabalik izango dira Mendizorrotza eta Gamarrako igerilekuak, egunero 8:00etatik 22:00etara; aurten ez baitira eguerdian itxiko. Denboraldia amaitzeko, irailaren 5ean itxiko da Gamarran, eta irailaren 19a Mendizorrotza.

Baina edukiera kontrolatzeko sistema berri bat izango dute. Gehieneko edukiera gainditzen ez bada, posible izango da sartzea; bestela itxaron beharko da. Instalazioen betetze-maila denbora errealean egiaztatzeko aukera izango da Udalaren webgunean edota instalazioetako sarreretan egongo diren informazio pantailetan.

Gainera, pertsona bakoitza bost orduz egon ahal izango da igerilekuetan. Leku libreak egonez gero, egunean zehar eta bi instalazioen artean banatu ahal izango dira ordu horiek. Muga hori behin eta berriro gainditzen duten erabiltzaileei sarrera mugatuko zaie.

Edukierak

Kontuan hartu behar da 2020an bi kirol esparruek eguneko 12.000 pertsona arteko edukiera izan zutela. "Aurten edukiera hori ia %50ean gainditu ahal izango dugu", azpimarratu du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek.

Izan ere, Mendizorrotzeko kirol esparruan 3.000 pertsona sartu ahal izango dira, eta Gamarrako parkean 3.500. Edonola ere, edukiera horiek osasun egoeraren arabera aldatu ahal izango dira. Aurten ere, bi eta lau metroko diametroko 1.800 zirkulu marraztuko dira lurrean, pertsonak ondo banatu eta segurtasun neurriak errespetatzen direla bermatzeko.

Gamarrarako abonamenduak

Iaz bezala, bazkideek lehentasuna izango dute, ezingo dira eguneko sarrerak eskuratu eta bi urtetik gorako pertsona guztiek abonamendua beharko dute igerilekuetara sartzeko; bost urte bete arte, abonamendua doakoa izango da. Gainera, Mendizorrotzeko kirol esparrua soilik bazkideentzat izango da.

Hala ere, bazkide ez diren pertsonek Gamarrarako eskainiko diren 1.500 abonamenduetako bat erosi ahal izango dute kirol gune horretara sartzeko. Udalaren webgunean eta herritarrei laguntzeko bulegoetan izango dira salgai.

Ekipamendu gehiago

Udalak iragarri du iaz baino instalazio eta gune gehiago izango direla erabilgarri: besteak beste, txirristak; haurren jolastokiak; futbito, saskibaloi, hondartza-boleibol eta mahai-teniseko pistak; eta Gamarrako minigolfa, edukiera mugatuta egongo den arren. Tenis eta padel pistak aldez aurretik erreserbatu beharko dira erabili ahal izateko.

Aldagelak eta barruko dutxak irekita egongo dira, baina edukiera %35ekoa izango da. Ez da hamaka-zerbitzurik egongo, baina nork bere hamaka erabili ahal izango du. Mendizorrotzean, ordea, soilik solariumean jarri ahal izango dira. Bestalde, Gamarrako barbakoa gunea ezingo da erabili.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide