Ertzaintzaren "neurriz kanpoko oldarraldia" salatu du Gasteizko Gaztetxeak

Erredakzioa 2021ko mai. 18a, 16:30
Gasteizko Gaztetxearen aurkako jazarpen poliziala salatzeko elkarretaratzea. / HALA BEDI

Larunbatean, Etxauri plazan zeuden hainbat gazte identifikatu zituen Ertzaintzak. Gasteizko Gaztetxeko asanbladak elkartasuna adierazi die gazteei, ertzainen "neurriz kanpoko jarrera" arbuiatuz.

Gasteizko Gaztetxeak "jazarpen poliziala" salatu zuenetik astebete eskas igaro denean, gazte asanbladak beste ohar bat plazaratu du larunbat gauean Rafa plazan (edo Etxauri plazan) gertatutakoa salatzeko, "ohikoa" bihurtzen ari dela ohartaraziz.

Oharraren arabera, "plazan sakabanaturik" zeuden hainbat gazteren aurka oldartu zen Ertzaintza: "Batzuk edaten, beste batzuk ez, baina giro lasaia zegoen", azaldu dute. "2:00ak aldera, istiluen kontrako dozena bat ertzain isilean hurbildu ziren, hango sarrera guztiak itxi eta bertakoen aurka oldartu ziren".

Ertzaintzak izandako jarrerak "neurriz kanpokoak, ilegalak eta arbuiagarriak" izan zirela deritzo Gaztetxeko asanbladak. "Guztiak lurrean esertzera behartu zituzten, eta, ondoren, isuna jarri zieten, baita ezer ilegalik egiten ez zeudenei ere. Bati mugikorra apurtu zioten eta jende ugari jotzearekin mehatxatu zuten, oihuka eta haien atzetik korrika. Hara hurbildu edota grabatzen ari zirenak ere oihuka, bultzaka eta mehatxuka bota zituzten", salatu dute.

Alarma egoeraren osteko egoera

Gasteizko Gaztetxeak gogorarazi duenez, maiatzaren 9tik aurrera alarma egoera eta etxeratze agindua bertan behera geratu dira.

"Hala ere, egoera ez da asko aldatu azken astean, ez behintzat gure askatasunei dagokienez. Izan ere, batetik, orduz kanpo kalean dagoenak ez du lasaitasunik aurkituko; larunbatekoa adibide argia dugu. Bestetik, poliziaren areagotzeak, haien oldarkeria eta inpunitate gorakorrek erakusten digute egoera gelditzeko datorrela", kritikatu dute.

Azkenik, Gasteizko Gaztetxeak elkartasuna adierazi die larunbatean "jazarritako" gazteei. "Honen aurrean, antolatzen, kaleak hartzen eta babesten jarrai dezagun", aldarrikatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide