Besteak beste, "Euskal Covid Legeari ez, osasun diktadurari ez" edo "Osasuna eta askatasuna" bezalako leloak aldarrikatu zituzten larunbatean Gasteizen, Bizitza plataformak "eztabaida zientifikoa" aldarrikatzeko deitutako mobilizazioan.
Mugimendu horrek komunitate zientifikoaren gehiengoak adostutako argudioen aurkako ideiak zabaltzen dituen arren, negazionistak ez direla ziurtatu diote ALEAri, eta ideologia anitzeko herritarrak bildu ziren manifestazioan. Antolatzaileen datuen arabera, 2.500 pertsona inguru elkartu ziren, Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Nafarroatik etorritakoak.
Hainbat aldarrikapen plazaratu dituzte manifestu batean: besteak beste, lehen mailako arretaren egoera, neurri murriztaileen ondoriozko isunak eta errepresioa, maskararen derrigorrezko erabilera, pertsona osasuntsuen konfinamendua eta PCR testak "Munduko Osasun Erakundeak (OMS) gomendatu duen bezala ez erabiltzea" salatu dute.
Horrez gain, "txertaketa medikuaren aurre-azterketa barik eta baimen informatu barik" egiten ari dela kritikatu dute. Covid-19a sendatzeko "beste terapiak erabili nahi ez" izatea leporatu diete agintariei. Gainera, "ostalaritzaren %75 itxi eta harreman sozialak gutxitu nahi izatea" eta "denda eta enpresa txiki eta ertainak ixtera bultzatzen ari direla" ere salatu dute.