Buesa Arenak ere kontzertuak eta ikuskizunak hartuko ditu uda honetan

Erredakzioa 2021ko mai. 12a, 13:50
Besteak beste, Kutxi Romeroren kontzertua izango da abuztuaren 7an. / Arg.: Montecruz Foto

Buesako Gauak zikloa antolatuko dute udan Buesa Arena pabiloian, kontzertu eta umorezko zein haurrentzako ikuskizunekin. Besteak beste, Kutxi Romero, Green Valley, La Oreja de Van Gogh, Lola Indigo, Pantomima Full, Martita de Graná eta Ene Kantak igoko dira oholtzara.

2018ko eta 2019ko edizioen eta pandemiaren ondoriozko geldialdiaren ostean, Buesako Gauak zikloa itzuliko da Gasteizera. Buesa Arena musikaren eta ekitaldi handien erreferentziazko gune gisa finkatzeko Arabako Foru Aldundiak eta Saski Baskoniak bultzatutako Buesa Events programak lehen mailako programazioa erakarriko du aurten Zurbaoko pabiloira.

Ekainaren 15etik irailaren 10era bitartean, egitarau zabala eta askotarikoa izango da Buesa Arenan; gustu eta adin guztietarako, eta bertako zein estatu mailako artisten musika eta ikuskizunekin.

12.000 ikusle inguruko edukiera duen espazioa egungo egoerara egokituko da, eta beharrezko segurtasun neurriak aplikatuko dituzte Covid-19aren hedatzea saihesteko: segurtasun distantzia, edukieraren kontrola edo maskaren erabilera, besteak beste.

Programazioa

Oraingoz, hamar ekitaldi baino gehiago daude programatuta Getin enpresa sustatzailearen eskutik. Horrez gain, Buesa Events ekimen gehiago bilatzen ari da beste sustatzaileekin, Buesa Arena pabiloian jardueraz betetako uda bermatzeko.

Umoreak, musikak eta haurrentzako ikuskizunek hartuko dute Buesa Arena ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean:

  • Ekainak 24: Martita de Graná
  • Ekainak 26: Pantomima Full
  • Ekainak 27: Pica Pica
  • Uztailak 2: La Oreja de Van Gogh
  • Uztailak 3: Green Valley
  • Uztailak 16: Comandante Lara
  • Uztailak 17: Rulo y la contrabanda
  • Uztailak 24: Ciclonautas con Sober
  • Abuztuak 1: Goyo Jimenez
  • Abuztuak 7: Ene Kantak
  • Abuztuak 7: Kutxi Romero
  • Abuztuak 13: Marlon
  • Abuztuak 21: Lola Indigo
  • Abuztuak 22: Luis Piedrahita
  • Abuztuak 27: Miguel Lago
  • Irailak 3: Pol Granch
  • Irailak 10: Jaime Caravaca y Grison

Sarrerak datorren asteazkenean, maiatzaren 19an, jarriko dira salgai, 11:00etatik aurrera.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide