Zurrunbilo jaialdia bost ikuskizun eta topaketa batekin itzuliko da ostiralean

Erredakzioa 2021ko mai. 12a, 13:00
Patricia Urrutiak sustatutako 'Porno vs. Afrodita' lanak irekiko du jaialdia. / BenetanBe

Maiatzaren 14tik 16ra ospatuko da Zurrunbilo jaialdia, Baratza Aretoan. BenetanBe, Jone Bengoa, Jon Ander Urresti, Ixiar Rozas & Ibon RG eta Muskuloren lanek osatuko dute euskarazko sorkuntza eszenikoan oinarritutako programazioa.

Ate joka dugu Zurrunbilo arte eszenikoen jaialdiaren seigarren edizioa. Maiatzaren 14an, 15ean eta 16an, asteburu bakarrean, euskarazko bost saio izango dira Baratza Aretoan, eta, horrez gain, Belaunaldi berriak eta etorkizuna topaketa egingo dute Oihaneder Euskararen Etxean, kulturgintzako profesionalei eta interesa dutenei zuzenduta.

Edizio honetan bere esentziari eutsi nahi dio Baratza Aretoak, euskarazko sorkuntza eszeniko garaikideari denbora eta lekua eskainiz, helburu bikoitzarekin: "Euskaraz lan egitearen aldeko apustua egiten duten artista eta konpainiei laguntzea, eta euren sorkuntzak ohiko ikusleei eta, inoiz parte hartu ez duten arren, horretarako jakin mina duten pertsonei hurbiltzea", adierazi dute Baratza Aretoko lagunek.

Bost proposamen eszeniko

Jaialdia maiatzaren 14an hasiko da, ostiralean, 19:00etatik aurrera Baratza Aretoan, Patricia Urrutia aktoreak sustatutako BenetanBe konpainiaren Porno vs. Afrodita ikuskizunarekin. Gaztetxoei eta hain gazte ez diren horiei zuzendutako antzezlana zuzeneko musikaz bustitako komedia zoroa da, heziketa sexuala eta afektiboa ardatz.

Bigarren txanda Jone Bengoarena izango da larunbatean, hilaren 15ean, 19:00etan. Aktore gasteiztarrak Kabia ikuskizuna aurkeztuko du, hiriko hainbat artista eta eragileren laguntzarekin sortutako antzerki dokumentala. Duela urte batzuk Gasteiz helmuga izan zuten hainbat emakumeren istorioa kontatzen du. Ondoren, egun berean, Jon Ander Urrestik Tribiz, baserri galdue antzerki dokumentala eskainiko du. Ikuskizuna galdera baten inguruan eraikita dago: "Zer egin erabilera galtzen ari den ondarearekin?".

Igandean, hilaren 16an, Zurrunbiloren azken jardunaldia iritsiko da, 18:30etik aurrera. Horretarako, bi proposamen izango dira oholtza gainean, jaialdiari itxiera emateko: alde batetik, Unisono-a, Ixiar Rozas eta Ibon RGren eskutik egindako irakurketa esperimentala, lehenengoak 2020an argitaratutako poemategitik abiatzen dena. Bigarren saioaren protagonista 2015ean jaiotako Muskulo musika talde oiartzuarra izango da; musikaz gain, antzerkiari eta poesia arloari lotutako beste ibilbide batzuetako artisten arteko esperimentazio proiektua da.

Belaunaldi berriak

Proposamen eszenikoez gain, aurtengo Zurrunbilo Oihaneder Euskararen Etxera ere iritsiko da, Belaunaldi berriak eta etorkizuna topaketarekin. Larunbatean, hilaren 15ean, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30era izango da, eta profesionalei zein interesdunei zuzenduta dago.

"Belaunaldi berriei ahotsa eman nahi diegu, euren ekarpenak guztion hausnarketarako adierazgarriak izan daitezkeen heinean", azaldu dute. Arratsaldeko saioak digitalizazioa izango du ardatz, "orainaren eta etorkizunaren parte dela ulertuta"; ildo horretan, gizartean eta arte eszenikoetan digitalizazio horrek duen eraginari buruzko mahai ingurua egingo da, online tresnen bidez lanbide berriak aztertzeko.

Sarrerak eta izen-ematea

Ikuskizun guztietarako sarrerak salgai daude Baratza Aretoaren webgunean. Aldez aurretik erositako sarreren prezioa 7 eurokoa da, eta txarteldegian 9 eurokoa izango da; jaialdi osorako bonuak, berriz, 18 eurotan eskuratu daitezke. Gainera, Aldundiak bultzatutako Kultura Bonua erabil daiteke.

Bestalde, topaketa doakoa izango da, baina izena eman beharko da, eta horretarako aukera ere zabalik dago jada, reservas@salabaratza.com helbide elektronikoaren bitartez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide