Komedialdia umorezko jaialdirako sarrerak salgai daude jada

Erredakzioa 2021ko mai. 12a, 12:15

Komedialdiaren lehen edizioa izango da aurtengoa. / KOMEDIALDIA

Oso gutxi falta da Komedialdia Gasteizko umorezko jaialdiaren lehen ediziorako. Maiatzaren 25etik 30era bitartean, mahai-inguru, antzezlan, bakarrizketa, kontzertu eta erakusketa ugari izango dira.

Bi aste barru eta bost egunez, umorea eta osasuna aldarrikatuko ditu Komedialdia umorezko jaialdiak Gasteizko hamar aretotan: Bibat museoan, Europa Jauregian, Beñat Etxepare antzokian, Hegoalde eta Ibaiondo gizarte etxeetako Jesus Ibañez de Matauko eta Felix Petite antzokietan, Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan, Vital Fundazioa Kulturunean, Florida Zinemetan, Hell Dorado aretoan eta ARTgian.

Maiatzaren 25etik 30era bitartean antolatutako hogei ekitaldi baino gehiagotarako sarrerak dagoeneko salgai daude; horietako batzuk doakoak dira. Sarrerak zein gonbidapenak eskuratzeko eta jaialdiaren inguruko informazio guztia www.komedialdia.com webgunean dago.

"Jaialdiaren helburua osasuna, kultura, ekonomia eta gizarte mailan mugitzen diren sektore ezberdinen sinergia eta elkarrekin parte hartzea da", azpimarratu du Txaro Mardaratz Najera bozeramaileak. Jaialdiaren lehen edizioaren babesleak Laboral Kutxa, Vital Fundazioa, Michelin España-Portugal Fundazioa, Diario de Noticias de Alava eta Radio Vitoria dira, hiriko beste denda, taberna eta enpresa txikiren ekarpenarekin batera.

 

Programazioa

Bakarrizketa, mikrofono ireki eta antzezlan guztien inguruko informazioa www.komedialdia.com webgunean dago ikusgai: programazioa, ordutegiak, prezioak eta abar.

Honako hauek dira, ikuskizun horiez gain, Komedialdiak eskainiko dituen jardunaldi eta ekitaldi nagusiak:

  • Maiatzak 25, asteartea: Galop marrazkigilearen Sortzen dena ez da guztien gustukoa izaten umore grafikoko erakusketa, Bibat-Fournier museoan. Horrez gain, Europa jauregian, Antonio Altarribarrek Arabako arte grafikoen garrantziari eta gure gizartean eman den umorearen garapenari buruzko hitzaldia eskainiko du: Barre egiten ez dugunaz.
  • Maiatzak 26, asteazkena: Umore terapeutikoari buruzko jardunaldia, Barrea eta umorea erresilientzia tresnak izenburupean. Garai zailetan umoreak zenbat balio duen eta Araban umorea baliatzen duten egitasmo eta ekimen ezberdinak ezagutzeko parada.
  • Maiatzak 27, osteguna: Umorea eta kulturaren osasuna mahai-ingurua, gizartean kulturak duen garrantziaz eta kultura eta arteetan umorearen pisuaz hausnartzeko. Horrez gain, kontsumo ohituren aldaketarekin batera umorea nola aldatzen den ere aztertuko da.
  • Maiatzak 28, ostirala: Pandemia aroan jaialdi bat nola antolatu? Esperientziak eta ikuspuntu ezberdinak, sortzaile, antolatzaile eta bestelakoen eskutik.
  • Maiatzak 30, igandea: 12:00etan, Luis Aranburu udal musika eskolako Konboaren elkartasunezko kontzertua, Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan. ASAFES (buru gaixotasuna duten pertsonak eta euren familien elkartea) eta Express Your Clown (ospitaleko pailazoak) elkarteen aldeko kontzertua izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago