Hastear da Bizikletaren XIX. Astea, Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak bizikletaren inguruan antolatutako jarduera programa zabala. Ostiral honetan, maiatzaren 14an, hasiko da, eta hilaren 30era arte iraungo du edizio honek.
Programatutako jarduerak eta ekitaldiak zale guztiei zein profesionalei zuzenduta daude, eta hiriko hainbat gizarte etxetan eta kiroldegitan egingo dira nagusiki. Besteak beste, hitzaldiak, lantegiak, irteerak, erakusketak eta jokoak izango dira, eta, aurreko edizioan bezala, bereziki emakumeei zuzendutako eskaintza diseinatu da.
Programazioa
Egitarauaren barruan, askotariko paisaiak ezagutzeko aukera izango da, hala nola bidaiak leku exotikoetara, txangoak lurraldean eta ingurunean barrena; horrekin batera, hainbat arlo landuko dira: mugikortasun osasungarri eta arduratsua, ekofeminismoa, jarduera fisikoa eta kirola, eta bizikleta sorkuntza artistikoaren iradokitzaile gisa, besteak beste.
Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko jarduera gehienetarako. Udalaren webgunearen bitartez, 010 telefonora deituz edo gizarte etxe zein kirol instalazioetan egin beharko da:
- Ostiralean, maiatzaren 14an, hasiko da Bizikletaren XIX. Astea, Salburua gizarte etxeko liburutegiko Bizikletaz gozatu erakusketarekin.
- Astelehenean, maiatzaren 17an, El camino del Cid erakusketa inauguratuko da Aldabeko gizarte etxean.
- Asteazkenean, maiatzaren 19an, Aldabeko gizarte etxeko areto nagusian, Biela eta Lurra, gure elikadura aldaketaren motor gisa hitzaldia izango da, Ana Santidrian eta Edurne Caballeroren eskutik. Egun horretan bertan, hilaren 19an, Entrenamendua eta nutrizioa txirrindularitzan hitzaldia izango da Salburuko gizarte etxean.
- Maiatzaren 20an, berriz, Kham Tibet bizikletaz: Yunnan eta Sichuan probintziak, Tibet historikoa hitzaldia izango da Aldabeko gizarte etxean, Igone Mariezkurrenaren eskutik. Egun berean, Psikonutirizioa, antsietatea eta osasuna gaia jorratuko du Epic Fitek Salburuko gizarte etxeko areto nagusian.
- Maiatzaren 25ean, Epic Fitek Entrenamendua eta biomekanika hitzaldia emango du Salburuko gizarte etxean. Egun berean, Entrenamendua eta nutrizioa txirrindularitzan hitzaldia ere programatuta dago bertan.
- Bizieskolak hainbat jarduera eskainiko ditu:
- Maiatzaren 21ean eta 29an, Bizikletaz seguru mugi zaitez jardunaldia, Landazuriko kiroldegian.
- Maiatzaren 24an, Bizikletaren oinarrizko mekanika, leku berean.
- Emakumea bizikletaren kulturan ahalduntzeko She is Cicling gizarte mugimenduaren jarduerak ere nabarmentzekoak dira, hala nola Errepide bizikletan hastea, 16 urtetik gorako emakumeentzat, Salburuko gizarte etxean.
- Maiatzaren 22an eta 30ean, Belen Alvarez eta Laura Mambrilla BTT gidarien eskutik, mendiko bizikletan hasteko bi irteera egingo dira.
- Maiatzaren 23an, berriz, Gertuko herriak bizikletaz ezagutzen jarduera izango da.
- Azkenik, maiatzaren 29an, Salburuko gizarte etxetik Armentia basora GR-tik.