Mariturriko haur eskola datorren astean berrirekitzea espero du Udalak

Erredakzioa 2021eko maiatzaren 11

Mariturri haur eskolak 2014ko apirilaren 1ean ireki zituen ateak. / GASTEIZKO UDALA

Peritu txostenaren arabera, duela zazpi urte obra gaizki egin izanagatik erori da Mariturriko haur eskolako sabaia, bi ume zaurituz. Gasteizko Udalak datorren astean berrireki ahal izatea espero du.

Joan den asteazkenean, hilaren 5ean, komun bateko sabai faltsuaren zati bat erori zen Mariturri haur eskolan. Udalak berak jakinarazi duenez, ume batzuk bertan zeuden une horretan, eta, istripuaren ondorioz, bi adingabe zauritu ziren: horietako bat hatzean eta beste bat besoan. Suhiltzaileak bertaratu behar izan ziren kalteak aztertzeko, eta larrialdi zerbitzuek haurrak eta irakasleak artatu zituzten.

Dagokion ikuskapena egin ondoren, eta txosten teknikoaren zain, eskola ixtea erabaki zuten Udalak eta Haurreskolak Partzuergoak. Hortaz, azken egunetan zentroa itxita izan da.

Astearte honetan Udalak iragarri duenez, kanpoko peritu-txostenaren arabera, duela zazpi urte obra gaizki egin izanagatik erori da sabaia. Izan ere, sabaiak ez zituen obra proiektuan jaso eta fabrikatzaileak adierazitako adina ainguratze. Halaber, txostenaren arabera, istripua ezin zaio egotzi eraikinaren mantentze lan desegokiari, egituraren egoera oso ona delako. Hortaz, haur eskola eraiki zuen enpresari erantzukizunak eskatzea aztertzen ari da Udala.

Zentroa datorren astean irekitzea espero du Udalak. Asteazken honetan hasiko dira eraikineko antzeko beste sabaiak konpontzen, horien berrikuspen xehatua egiten eta desmuntatzen, ainguratze gehiago behar ote diren aztertzeko.

Zazpi urte zabalik

Mariturriko Haurreskola Leza kalean dago, Zabalgana auzoko Mariturri hirigunean, eta 2014ko apirilaren 1ean ireki zituen ateak. Solairu bakarreko eraikin berria da, eta orain arte eraikinaren egiturak ez du arazorik eman.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago