Lehenengo atxiloketa ostiralean izan zen, Ariznabarrako etxebizitza batean, gizonezko batek neskalagunarekin eztabaida izan ostean. Udaltzainak bertaratu zirenean, emakumeak erasoaren markak zituen.
Larunbatean, Voluntaria Entrega kalean, gizonezko batek bere bikotekide ohia iraindu eta eraso egin zion. Udaltzaingoak atxilotu zuen, eta igandean geratu zen epailearen esku.
Bestalde, igandean, udaltzainek 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Arriaga-Lakua auzoko etxebizitza batean. Bertan, bikotekide ohi eta pisukidearekin eztabaida izan zuen, eta eraso egin zion.
Atxilotu bat urruntze-agindua hausteagatik
Indarkeria matxistari dagokionez, igandean ere, udaltzainek 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Sansomendi auzoan, urruntze-agindua hautsi izanaren delituaren ustezko egilea izateagatik. Emakumeak berak deitu zuen 092 telefono zenbakira, erasotzaileak atariko txirrina jo zuelako etxebizitzara igotzeko asmoz.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.