Azoka agroekologiko berri bat hartuko du Arabako Campusak ostegunean

Erredakzioa 2021ko mai. 5a, 11:44
Beste azoka agroekologiko bat Arabako Campusean, 2020an. / DENDAMUNDI

Ostegun honetan, elikagai ekologikoak, tokiko produktuak eta bidezko merkataritzako postuak izango dira EHUko Arabako Campuseko azoka agroekologikoan. Parke eolikoei, beganismoari eta ekonomia ekologikoari buruzko hitzaldiak ere izango dira.

Maiatzaren 6rako azoka agroekologiko berri bat antolatu dute Slow Food Arabak, Ekolurrak eta Bionekazaritza Arabako Nekazaritza Ekologikoaren aldeko Elkarteak. Osteguneko 10:00etatik 14:00etara bitartean, hainbat jarduera izango dira Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arabako Campusean.

Alde batetik, Letren Fakultateko klaustroak elikagai ekologikoen, tokiko elikagaien eta bidezko merkataritzaren informazioa eta salmenta izango duten postuak hartuko ditu.

Horrez gain, hainbat hitzaldi antolatu dira goizean zehar Micaela Portilla Ikerketa Zentroko ekitaldi aretoan. Besteak beste, Arabako parke eolikoak, beganismoa eta Covid-19aren osteko ekonomia ekologikoa izango dira mintzagai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide