HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikusteko lehen zirriborroa aurkeztu du Gasteizek. Beraz, hein handi batean, hiriaren etorkizuna baldintzatuko duten lerro nagusiak definitzeko unea iritsi da. Joan den asteazkenean argitaratu dute behin behineko agiria, eta, aste honetan, batzorde batek aztertu behar du txostena.
Ez zaio ibilbide errazik antzematen. Izan ere, hiri handi batean horrelako lerro estrategikoak ezartzerakoan interes eta ikuspuntu kontrajarri asko egon ohi dira, eta horiek guztiak orain zehaztuko diren mugen arabera jardun beharko dute datozen urteetan. Besteak beste, porlanaren ibilbidea zein izango den aurreikusten da HAPOetan. Horri mundu osoan dagoen ziurgabetasun ekonomikoa gehitzen bazaio, eta kontuan hartzen bada energiaren alorrean zein eredu produktiboetan aldaketa handiak espero direla, etorkizunerako marraztu behar diren lerro nagusiek eztabaida askorako eman dezakete, eta emango dute seguruenera.
Momentuz, Udalak kaleratutako proposamena da mahai gainean dagoena. Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren arloko zinegotzi Ana Oregiri egokitu zaio aurkeztea. Teknikariek, udal talde politikoek eta gizarte eragileek partaidetza prozesu baten bitartez egindako lanaren emaitza gisa aurkeztu du. Zinegotziaren esanetan, helburua da "hiri orekatu eta kohesionatua" lortzea.
Hogei urte eguneratzeke daramatza uneotan indarrean dagoen planak, eta, berria abiatuta, datozen 30 urteetarako hirigintza eredua finkatu nahi dute. Hain justu, duela bi hamarkada zehaztu ziren hainbat aurreikuspen ez dira bete, eta, hein handi batean, horretan abiatu da plan berria diseinatzeko estrategia, Udalaren arabera. Beste garai batzuetan lursail asko erreserbatu ziren zenbait proiekturen inguruan, eta, urteak pasata, errealitateak erakutsi du hasierako egitasmoak ez direla gauzatu. Hortaz, oraingo planaren asmoa da zoru erreserba horiek gutxitzea.
Foronda
Horren adibide da Arabako Parke Teknologikoarekin gertatu dena. Hazkundea ez da hainbestekoa izan, ez lurzoruari dagokionez bederen. Horregatik, parkearen inguruan erreserbatu ziren lurren %70 askatu nahi dituzte orain. Antzekoa da aireportuaren egoera, haren inguruan erreserban dauden lurren %80 desklasifikatzeko proposamena egin du Udalak. Kasu honetan, Vitoria Industrial Air Park deritzon industrialdearen balizko hedapen baterako beharrezkoak diren lurrak mantenduko dituztela aurreratu dute. Logikaren arabera, aireportuak 24 orduko jarduna izateak haren inguruko jardun ekonomikoa sustatu beharko luke, baina, hori, noski, denborak berretsi edo gezurtatuko du.
Industrialdeekin jarraituz, proposamen deigarrienetako bat da Jauregilanda eremurako proposatzen den birkalifikatzea. Industrialde gisa jarraitu beharrean, etxebizitzak, zerbitzuak edo ekipamenduak hartuko lituzke. Hots, Udalak eremu horretan etxebizitza gehiago eraikitzeari ateak ireki nahi dizkio.
Herriei dagokienez, hirigunean zehaztutako irizpide berdina jarraitu nahi dute, horretarako bideratuta zeuden baina azkenean urbanizatu ez diren zoruak askatuz.
Agenda 2030 egitasmoan zehazten diren helburuekin bat egiteko proposamenak ere jaso dituzte. Tartean, eraikin berriak altxarazi beharrean eraikin zaharrak birgaitzea, eraikuntza berrietan efizientziari eta klima aldaketarekiko egokitzapenari begirako irizpideak kontuan hartzea edota energia berriztagarrien instalazioak bultzatzea.
Datozen aste eta hilabeteotan seguruenera zeresan ugari emango du agiriak. Joan den ostiraleko osoko bilkuran bertan hasi dira lehen mozioak, hiriaren inguruan energia berriztagarri horiei buruzko kokapenaz kezkatuta.