Ingurumenak iaz emandakoari so

Juanma Gallego 2021ko api. 30a, 06:00
Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak urtean zehar egindako jarduna laburbildu du urteko memorian. /ALEA

2020an egindako lana laburbildu du Gasteizko IGI Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak haren urteko memorian. Nekazaritza ekologikoa edota mugikortasuna izan dira jorratu dituzten gaietako batzuk.

Gasteizko IGI Ingurugiro Gaietarako Ikastegiari zenbakiak mahai gainean jartzeko unea iritsi zaio. Urtero bezala, iaz egindako jarduna biltzen duen memoria-txostena zabaldu berri du erakundeak. 2002tik egin diren guztiak bezala, ikastegiaren webgunean bertan eskuragarri dago agiria, baina interesatuek gazteleraz baino ez dute aurkituko.
 
Ikastegiak berak ohar batean adierazi duenez, iazkoa pandemiaren eraginpeko urtea izan da, eta osasun egoera dela-eta, aurreikusitako ekimen asko bertan behera utzi behar izan dituzte. Batez ere, udaberrian izan da etenaldirik handiena, eta horrek ekarri du herritarren partaidetzan oinarritutako programen bidez iristen diren pertsonen kopurua nabarmenki murriztu izana.

Beste erakunde asko bezala, gabezia horiek, hein batean, ekimen telematikoekin ordezkatzen saiatu dira. Horien artean, agian nabarmenena izan da Gasteizen egin behar zen Europako Hiriburu Berdeen Sarearen topaketa; bada, bilera hori presentziala egin ordez, telematikoa egin behar izan dute.

Ingurumen sentsibilizazioaren alorrean egiten diren erakusketa, ikastaro, kanpaina eta bestelakoen bidez ezagutzen da batez ere erakundea, baina beste hainbat jardunetan ere aritzen da, eta horiek ere jasota daude memorian. Horietako bat da nekazaritzako elikagaiei loturik martxan jarrita duten estrategia. Zeregin horretan, hainbat proiektu jaso dituzte.

Batetik, hainbat jantokiri "tokiko elikagai ekologikoen hornidura" bermatzeko ereduak aztertu dituzte. Ikastegiaren irudikoz, Haur Eskoletako jantokietan honakoak sustatu behar dira: "kalitatezko elikagaiak, ekologikoak, freskoak, garaikoak, gertukoak, modu jasangarrian sortuak eta zuzenean ekoizleei erositakoak, erosketa publiko bitartez". Zeregin horretan, Udalaren kontratazioetan jasotzen diren baldintzak "egokitu"  behar direlakoan daude, Araban dagoen"errealitate produktiboaren" arabera.

Norabide berdinean, udalerrian dauden nekazaritza barietate tradizionalen inbentarioa egin dute, eta horien berreskurapena ere lantzen hasiak dira, Olarizuko Lorategiko Germoplasma bankuarekin elkarlanean.

Patioak eta mugikortasuna

Eskola patioen inguruko azterketan ere sakondu dute. Horien bitartez, eremuotan hainbat aldaketa bideratzeko aukera aztertzen ari dira, patioak "naturalizatzeko" asmoz; besteak beste, landaredia eta bestelako elementuak sartuta. Osasunean ez ezik, horiek arlo pedagokioan eragin positiboa izan dezaketeela uste dute. Ideia horiek gauzatzeko, IHOBEren laguntzarekin, Txagorritxuko haurreskolan proiektu piloto bat garatzen ari dira, bertako "ingurumen kalitatea" bultzatu asmoz.

Mugikortasunaren alorrean, Future Mobility Lab izeneko egitasmoa aipatu dute, hirian gaiari buruzko "laborategi bizidun" bat eratze aldera. Momentuz, diagnosia, formulatze estrategikoa eta ekimen plana aurretatu dituzte. Arlo praktikoagoan, San Martingo udal bulegoko langileen artean bizikleta elektrikoak mailegatzeko proiektu pilotu bat nabarmendu dute.

Olarizuko Lorategi Botanikoan, berriz, "antzoki natural bat" sortu dute, aire zabaleko ekitaldiak hartuko dituena, eta sarreran bisitari zentroa egokitu dute.

Pandemiak jotako urtea izanik, egoeratik irakaspena atera dute ere. Agerian geratu omen da "IGIk azken urteotan landu dituen planteamendu askoren garrantzia". Diotenez, "herritarrek lehen mailako ihes-balbula bat aurkitu zuten parteetan, Eraztun Berdean eta ibilbide berdeetan, eta espaloi zabalek eta bidegorrien sareak eguneroko bizitza erraztu zuten normaltasun berriko garaiotan".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide