Kaldeartek 63 ikuskizun eramango ditu ekainean Gasteizko kaleetara

Erredakzioa 2021ko api. 23a, 12:30
Zanguango konpainiaren 'Bestaldean' antzezlana, aurreko edizio batean. / ZANGUANGO

Ekainaren 11n, 12an eta 13an itzuliko da Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko XV. Erakustaldia. 33 konpainiaren eskutik, 63 ikuskizun eskainiko ditu Kaldeartek, Florida, Judimendi edo Iparraldeko parkeetan eta Santa Maria plazan, besteak beste.

Hainbat eta hainbat jaialdirekin gertatu zen bezala, 2020an bertan behera geratu zen Kaldearte. Baina ekainaren 11n, 12an eta 13an iritsiko da Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldia XV. edizioa. 2020ko martxoaz geroztik Arabako hiriburuko kaleetan antolatuko den lehen jaialdi handia da, eta EAEn 2021ean egingo den kaleko arteen lehen jaialdia ere.

Tokiko, Euskal Herriko eta Espainiako estatu osoko 33 konpainiak 63 ikuskizun eskainiko dituzte, segurtasun arrazoiengatik atzerriko konpainien kopurua murriztu ostean. Diziplina anitzeko hitzordua izango da, eta antzerkia, zirkua, dantza, musika, esku-hartzeak eta bestelako arte eszenikoek hartuko dituzte kaleak.

Oraingoz egitarauaren inguruko xehetasun gehiagorik ez badago ere, kasu askotan hainbat ikuskizun ordutegi berean egingo direla aurreratu du Gasteizko Udalak, ikusleak agertoki batetik bestera ibili ez daitezen. "Indarrean dagoen araudia zorrotz beteko du, arte eszenikoek gure kale eta plazak har ditzaten", azpimarratu du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Agertoki berriak

Aurtengo edizioan, baztertu egingo dira ikusle ugari bildu ohi dituzten esparruak, eta beste ingurune batzuk bilatuko dira, jende pilaketak saihesteko helburuarekin. Aire zabaleko esparru mugarrituak izango dira, eta gehieneko eserleku kopurua zehaztuko da.

Orain arte, erdialdeko oinezkoentzako espazioetan izan ohi dira ikuskizunak: Andre Maria Zuriaren plazan, Foru plazan edo Arka plazan, besteak beste. 2021ean, ordea, Iparraldeko parkea, Santa Maria plaza, Errenazimendu plaza, Artium museoaren barruko plaza, Zuluetako eta Falerinako lorategiak edo Florida eta Judimendi parkeak, besteak beste, izango dira agertoki berriak.

Pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileak kontuan hartuta, emanaldiak goizeko, arratsaldeko eta iluntzeko ordutegietan banatuko dira, eta unean uneko araudiak ezarritako ordurako amaituko dira.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide