Gasteizko Udalak epaitegietara joko du Olarizuko azken etxebizitzak utzarazteko

Erredakzioa 2021eko apirilaren 22a

Etxebizitzak hutsik ote dauden jakiteko egiaztapenak egin ditu Udaltzaingoak. / GASTEIZKO UDALA

Olarizu hiribidean okupatutako bloke batzuk hutsik daude jada, eta Udalak hormatu egin ditu. Okupatuta jarraitzen duten azken etxebizitzak utzarazteko eskabidea datorren astean bidaliko dio epaileari.

Udalak jakinarazi duenez, asteazkenean amaitu zen Olarizu hiribidean okupatutako bizilagunak beren borondatez etxebizitzak uzteko epea. Orain, iragarritako urratsak ematen jarraitzen du Urtaranen gobernuak, etxebizitza bloke horiek hustu eta eraisteko bidean.

"Araudiak ezartzen dizkigun epeak betetzen ari gara, ahalik eta bermerik handienekin jarduteko, okupatzaile ilegal guztiak bota eta bloke horiek eraisteko konpromisoari eutsiz", adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Aste honetan, eraiste prozesuak eragindako etxebizitzak dagoeneko hutsik ote dauden egiaztatu du Udaltzaingoak. Hutsik dauden blokeak hormatu egin ditu Udalak, eta administrazio dosierra itxi egingo dela jakinaraziko die interesdunei. Beste etxebizitza batzuk, ordea, okupatuta jarraitzen dute, utzarazte agindua bertatik bertara jakinarazi zaioen arren.

Datorren astean, epaitegietara

Dagoeneko hutsik dauden etxebizitzen kasuan, errekerimenduari erantzun zaiola ziurtatzen duen ebazpena epaitegietara bidaliko du Udalak. Horrekin batera, datorren astean, okupatuta jarraitzen duten etxebizitzak husteko baimena eskatuko dio epaileari.

Bitartean, hutsik daudela egiaztatu den blokeetan, etxebizitza bakoitzaren barrualdea eraitsiko da, hormatzen ari direnak izan ezik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago