Jazz musika gero eta errotuagoa dago Arabako hiriburuan, eta horren adibideetako bat da 2016tik Vital Fundazioak antolatutako Jazz Vital zikloa. Konfinamenduaren ondorioz, 2020ko edizioa bertan behera geratu zen, baina bihar hasi, maiatzaren 6an, eta ekainaren 3ra bitartean itzuliko da aurten.
Bost emanaldiak maiatzeko ostegun guztietan eta ekaineko lehenengoan izango dira, 19:30ean Vital Fundazioa Kulturuneko agertokian, Dendaraba merkataritza gunean. Sarreren prezioa hiru eurokoa izango da eta online eros daitezke www.fundacionvital.eus webgunean, Vital Fundazioaren egoitzan, goizez, edo Vital Fundazioa Kulturuneko leihatilan, kontzertu bakoitza hasi baino 30 minutu lehenagotik aurrera, eserleku librerik balego.

Bost kontzertu, zortzi talde
Maiatzaren 6ko inaugurazio emanaldiaren protagonistak Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko bi talde izango dira, Combo C eta Big Band Txiki. Bi taldeek musika modernoaren errepertorio zabala interpretatuko dute, hainbat estilo nahasten dituzten moldaketak eginez.
Maiatzaren 13an, beste bi talderen txanda izango da: Combo Eiken taldea eta Combo Kanajazz. Udaberria Musika Eskolakoak dira talde biak eta jazz, blues, pop eta rock doinuak joko dituzte.
Hirugarren txandan, maiatzaren 20an, Big Band Berri izango da protagonista, Guillermo Lauzurikaren musika zuzendaritzapean. Luis Aramburu Udal Musika Eskolako ikaslez osatutako taldea musika egiteko, ondo pasatzeko eta kontzertuetan jendeari transmititzeko gogoaren erakusgarri da. Emaitza pop, rock, soul eta funk abesti handiez beteriko errepertorioa da, swing saihestezinaz hornitua: Marvin Gaye, Bruno Mars, The Doors, Earth Wind and Fire, Frank Martin edo Shirley Bassey, besteak beste.
Maiatzeko azken kontzertua Daniel Vallejo Kvintet taldearen eskutik izango da, hilaren 27an. Talde hori Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegikoa da, eta Daniel Vallejok (baxua eta ahotsa) Ander Zulaika (bateria), Maite Arregi (pianoa) eta Alejandro Haro eta David Padilla (saxoak) ditu taldekide. Bere pasio handia erritmoa eta munduko musika tradizioak modu intentsiboan aztertzea da, bereziki Balkanetakoa eta Kaukasokoa. Proiektu honetan konposizio propioak dakartza, Bulgaria, Turkia, Armenia, Georgia eta Indiako musiketan oinarrituak.
Azkenik, Jesus Guridi Kontserbatorioko Konbo Sextet eta Big Band Guridi taldeek itxiko dute zikloa, ekainaren 3an.