"Genero ikuspegia" aintzat hartuko du Gasteizek argiteria berritzeko

Juanma Gallego 2021ko api. 20a, 17:00
Argiztapena berrituko dute Gasteizko zenbait kaletan. / ALEA

Gazalbide auzoan eta inguruko beste zenbait puntutan argiteria aldatzeko kontratazioa iragarri du Udalak.

Gasteizek "genero ikuspegia" baliatuko du hiriko argiztapena berritzeko, eta, norabide horretan, hiriko zenbait eremutan LED bidezko argiztapen berria jarriko du. 

Hala jasotzen da argiteria berria kontratatzeko Udalak argitaratu duen proiektu tekniko batean. Proiektu horri atxikitako memorian jasotzen denez, "hiri inklusiboa da bertan bizi diren lagun guztien beharrei erantzuten diena, berdin zein den generoa, mugikortasun maila, baliabide ekonomikoak edo egunean zehar egiten dituzten jardunak". Txostenaren arabera, Herritarren Postontzian jasotako proposamenak aintzak hartu dituzte aldaketa horiei ekiteko. 

Proiektuan jaso dutenez, Gasteizek 530 argi puntu aldatuko ditu datozen hilabeteotan. Zenbait kaletan eta pasabidetan dauden sodio lurrunezko lanparak kendu eta LED bidezko argiteria berria jarriko dute. Horretarako, 75.000 euro inguruko aurrekontua bideratu dute. Besteak beste, Arrosen parkea, Bolivia, Ekuador, Argentina, Bolivia eta Kolonbia kaleak gehiago  argiztatuko dituzte, eta baita Teodoro Dublang eta Duende pasabideak ere.

Eremu horietan lanparak ordezkatzean, "argiztapenaren hobekuntza" eta "aurrezpen esanguratsua" lortzea espero dute. Txostenak ez du jasotzen, halere, argi kutsadura murrizteko aparteko neurririk.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide