Gasteizko higiezinen agentziek "filtro arrazistak" erabiltzen dituztela salatu dute

Erredakzioa 2021eko apirilaren 20a

Higiezinen agentzien "filtro arrazistak" salatzeko mobilizazioa. / @GasteizenA

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eta Inor Ez Etxerik Gabe ekimenak deituta, dozenaka pertsona mobilizatu dira astelehen honetan Andra Mari Zuriaren plazan. Higiezinen agentzien "jarrera eta filtro arrazistak" salatu dituzte. 

Mobilizazioa Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik abiatu da eta, ondoren, erdialdeko higiezinen agentzien egoitzetara jo du, bertan elkarretaratze laburrak egiteko. Etxebizitza bat eskuratzen saiatzerakoan, enpresa horiek "filtro arrazista ilegalak" erabiltzen dituztela salatu dute bi elkarteek.

Gasteiz "harrera hiria" izatea eskatu eta etxebizitza eskubide bat dela aldarrikatu dute mobilizazioan.

Bideoa: HALA BIDEO

 

Filtro arrazistak frogatzeko esperimentua

Duela egun batzuk, aspalditik datorren kezka bat frogatzeko asmoz, Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako plataformak higiezinen agentzia batzuetara deitu zuen. Telefono bidezko esperimentua honakoa zen: hainbat etxebizitzari buruzko interesa adieraztea, baina profil ezberdinekin.

Agentzia horien erantzuna ezberdina al da pertsona arrazializatuek deitzen dutenean edo bertako azentua duten pertsonek egiten dutenean? "Emaitza negargarria izan zen", kritikatu du Inor Ez Etxerik Gabe ekimenak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago