Delituak %8 jaitsi dira Gasteizen, baina sexu-askatasunaren aurkako egintzak igo dira

Erredakzioa 2021eko apirilaren 20a

EAEko hiru hiriburuetako delitu-tasa baxuena du Arabak. / GASTEIZKO UDALA

Pandemiaren urtean, mila biztanleko 55,06ko delitu-tasa izan da Gasteizen, 2019an baino %9,13 baxuagoa. Hala ere, sexu-askatasunarekin, lesioekin edota iruzurrekin lotutako delituak igo dira.

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren datu bateratuen arabera, alarma egoeraren urtean zehar %8,3 jaitsi dira delituak Gasteizen; 2019an 15.256 erregistratu ziren, eta 2020an 13.984. Gainera, nabarmen egin dute behera etxeetako lapurretek (%51,46), enpresetako lapurretek (%50) eta indarkeria zein beldurra erabiliz egindako lapurretek (%30,54).

Horrez gain, "delitu estrategikoek" ere behera egin dute; esate baterako, ondarearen aurkakoek, modalitate guztietan. Sexu-askatasunarekin eta lesioekin lotutako delituek, ordea, igoera txiki bat izan dute. Eta internet bidez egindako iruzurrek gorakada nabarmenagoa izan dute, %91,71koa.

Mila biztanleko delituen tasak %9,13 egin du behera, %60,59tik %55,06ra jaitsiz. Gainera, urtean zehar, poliziek 6.255 pertsona jarri dituzte epailearen eskuetan. Hala ere, delitu kopurua jaitsi bada ere, atxiloketen kopurua %3 igo da, 1.069tik 1.101era.

Gasteizko Udalak azpimarratu duenez, beherakada orokorrak lotura zuzena izan du 2020ko martxoaren 14tik ezarritako alarma egoerarekin. Izan ere, konfinamenduak eta ordutegietan, mugikortasunean eta beste hainbat arlotan ezarritako murrizketek baldintzatu egin dituzte "delitu-patroi tradizionala" eta hainbat delitu moten bilakaera.

Ondarearen aurkako delituak

Nabarmen egin dute behera ondarearen aurkako delitu gehienek:

  • Etxeetako lapurretak: -%51,46
  • Enpresetako lapurretak: -%50
  • Ebasketak: -%40,53
  • Indarkeria eta beldurra erabiliz egindako lapurretak: -%30,54
  • Indarra erabiliz dendetan egindako lapurretak: -% 35,74

Hala ere, datuen analisiak agerian utzi du iruzurrek nabarmen egin dutela gora (+%91,71): 2019an 1.448 erregistratu ziren, eta 2020an, berriz, 2.776. Konfinamenduaren ondorioz, internet bidez egindako erosketek gora egin izana da joera horren arrazoietako bat.

Pertsonen aurkako delituak

Arlo honetan, etxeetan egiten diren arau-hausteak nabarmendu dituzte:

  • Genero indarkeria: -%10,8
  • Lesio delituekin lotutako familia barruko tratu txarrak: igo dira
  • Lesioengatik jarritako salaketekin zerikusia duten delituak: +%4,58
  • Sexu-askatasunaren aurkako egintzak: +%4,65

Drogak eta alkohola

Segurtasun kolektiboaren aurkako delituei dagokienez ere, datuek behera egin dute:

  • Substantzia sorgorgarrien trafikoa: -%9,45 jaitsi dira
  • Alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzea: -%17,60; 2019ko 267 kasuetatik 220ra.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago