Bost pertsona etxegabetu dituzte Zapatari kalean

Erredakzioa 2021ko api. 19a, 18:30

Zapatari kaleko etxegabetzearen irudi bat. / @EtxeSindikatua

Etxebizitza Sindikatuak okupatutako etxebizitza batean bizi ziren bost pertsona etxegabetu ditu Udaltzaingoak, Zapatari kaleko 36. zenbakian. Etxegabetzea gauzatu den arren, bizileku berri bat lortu dute sindikatuaren bitartez.

Astelehen honetan, Zapatari kaleko 36. zenbakian gauzatutako etxegabetze baten berri eman du Etxebizitza Sindikatuak. Kaleratutako bost bizilagunek urtebete baino gehiago igaro dute bertan, eta, sindikatuaren arabera, "beste alternatibarik ez zuten" pertsonak dira.

Plazaratutako komunikatu batean, Etxebizitza Sindikatuak azaldu du hasiera batean jabeak "etxegabetze ilegal" bat gauzatzen saiatu zirela, baina epaileak ez zien arrazoia eman. Hala ere, azkenean bigarren prozedura judizial baten ostean, epaitegiak etxegabetze agindua onartu du. Bien bitartean, prezio baxuko alokairu bat adosteko ahaleginak egin dituzte sindikatutik.

"Hau da klase jabedunen jarrera: hobe hutsik proletalgoaren beharren zerbitzura baino", deitoratu du Etxebizitza Sindikatuak, bost kideen etxegabetzea arbuiatuz. "Egunero ematen diren etxegabetzeen beste adibide bat dugu; izan ere, moratoriak etxegabetzeen arazoa denboran desplazatzeaz gain, ez ditu hainbat eta hainbat kasu aurreikusten. Etxegabetzeak exekutatzen jarraitzen dute".

Sindikatuak azaldu duenez, etxegabetutako bost kide horiek sindikatuan antolaturik daude, eta horri esker bizileku berri bat lortu dute beraientzat: "Baina hau salbuespen bat da. Lehentasunezkoa zaigu antolakuntza komunista hedatzen jarraitzea, soilik horrela bilakatuko dugu salbuespen hau gizarte berri baten araua", azpimarratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide