Poetak Maiatzean jaialdiaren bederatzigarren edizioa, maiatzaren 7tik 29ra bitartean, aurrez aurrekoa izango da berriz ere, pandemiaren ondorioz online egin zen aurrekoaren ostean. Hunkitu Arte elkartearen eskutik, Elisa Ruedak sortu eta zuzenduta, Araban poesia hedatzea eta poesiaren eta herritarren arteko lotura sortzeko asmoz dator beste urte batez.
Aurtengo programan poesia errezitaldiak, musika, poesia lehiaketak, erakusketak, dantza eta lantegiak izango dira adin guztietako jendearentzat. Aipagarriak dira, besteak beste, Paco Ibañez, Antton Valverde eta Juana Castro. Paco Ibañezek maiatzaren 14an Principal antzokian emango duen kontzerturako sarrerak agortuta daudela iragarri du Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotziak. "Gaur ezagutuko dugu aurtengo edizioko gainerako programazioa. Ziur naiz horrek ere harrera bikaina izango duela", adierazi du Cantok. Era berean, programatutako jardueretara joatera gonbidatu ditu gasteiztarrak. "Maiatzaren 7tik 29ra bitartean Gasteiz poesiaren hiriburu bihurtuko da. Aurtengo edizioko poemekin liluratzera animatzen ditugu gasteiztarrak".
Maiatzaren 19an, esate baterako, Antton Valverderen txanda izango da; Gaua, ausentziaren itzala disko berria aurkeztuko du, Joxan Goikoetxea, Ivan Carmona eta Francisco Herrero musikariekin batera; Vital Fundazioa kulturunean izango da, 19:00etan. Juana Castro poetak, berriz, maiatzaren 27an bisitatuko du Gasteiz. Los cuerpos oscuros izeneko errezitaldia eskainiko du, bere zenbait liburutako pasarte sortarekin. Artium museoan izango da, 19:00etan.
Ekitaldien artean, halaber, Zigoitiko kultur etxean, Jose Laconcepcion eta Loli G. Garcia poetek saioa eskainiko dute maiatzaren 9an, 13:00etan, eta Mairu abesbatzaren emanaldia izango da maiatzaren 23an, Bengolarra parkean. Ozetan, Amurrion, Oionen eta beste hainbat txokotan ere entzungo da poesia maiatzean.
Hona hemen egitarau osoa: Poetak Maiatzean.