Kromatiko jatetxeak Repsolen Eguzki bat jaso du

Erredakzioa 2021ko api. 13a, 19:18
Aitor Etxenike, Zuriñe Kim, Stephanie Arango eta Javier Vadillo. / REPSOL GIDA

Euskal Herriko zortzi jatetxe berri sartu dira Repsolen 2021eko Eguzkien zerrendan. Horien artean, Kromatiko jatetxe gasteiztarrak Eguzki bat jaso du, "bost kontinenteetara irekitako proposamen informal batekin Gasteiz iraultzeagatik".

Apirilaren 12ko gauean, Repsolen Eguzki berriak banatzeko ekitaldia egin da Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Gure sukaldeak ez dira itzaltzen lelopean, Repsol Gidak eta Eusko Jaurlaritzak turismo eta ostalaritza sektorearen ahalegina eta lana aitortu nahi izan dute, berrasmatu egin behar izan diren urtean.

Repsolen sari banaketa produktuen kalitateagatik eta aparteko elaborazioagatik nabarmentzen diren sukaldeak bereizten dituen kalifikazioa da. Repsol gidako 53 ikuskatzailek 96 jatetxe saritu dituzte aurten: horietako hiru kategoria gorenean, hiru Eguzkirekin; hamaika, bi Eguzkirekin; eta beste 82 Eguzki batekin.

Repsolen Eguzki bat jaso duten horien artean, Gasteizko Beato Tomas de Zumarraga kaleko Kromatiko jatetxea dago. Gaur egun, Araban, beste lau jatetxek dute Repsolen Eguzki bat: Gasteizko Zaldiaran eta El Clarete, Kanpezuko Arrea jatetxea eta Lezamako (Amurrio) Bideko jatetxea. Horiez gain, Marqués de Riscal jatetxeak bi Eguzki ditu.

Aitor Etxenike, Kromatiko jatetxearen sustatzaileetako bat. / REPSOL

 

Goi mailako gastronomia eta street food

Stephanie Arango, Zuriñe Kim, Aitor Etxenike eta Javier Vadillo jatorri kolonbiar, korear, bilbotar eta jereziarreko lau gazte dira, eta 2020ko ekainaren 18an Kromatiko jatetxea ireki zuten. "Enpatia, kuriositatea, sukaldean trebezia eta xarma batu dituzte, eta bost kontinenteetara irekitako leihoak dituen proposamen informal batekin Gasteiz irauli dute", baloratu du Repsoleko epaimahaiak.

Repsol Gidaren arabera, "produktua, txingarra eta iparrorratza" dira Kromatikoren oinarriak. "Bertan ikus daitezke goi mailako gastronomia eta street food, Asiako ongarria eta bertako generoa, Amerikarekiko zubiak eta aurkezpen ederrak. Bere karta, monokromiaren antipodan, dinamikoa, mestizoa, ausarta, mamitsua eta partekatzeko egokia da".

Zer da Repsolen Eguzki bat?

Repsolen Eguzki bat "lagun bati gomendatuko zeniokeen jatetxea da, eta askotan itzultzea pentsarazi dizuna", Repsol Gidaren arabera. "Premisa da produktuaren kalitatea eta hazten joango den sukaldaritza zintzo eta koherentea egiteko asmoa. Zerbitzu arretatsua eta profesionala du, baita kezkak dituen upategia ere. Kilometroak egitea edo bidaia baten erdian ezagutzea justifikatzen du".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide