Cespa eta Onaindia enpresek 2025era arte kudeatuko dute Gasteizko hiri garbiketa

Erredakzioa 2021ko api. 13a, 17:00
Kontratu berriak hainbat hobekuntza ekarriko ditu zerbitzuetan. / ALEA

Zabor-bilketa eta garbiketa publikoa Cespa eta Onaindia enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkarteari esleitzea onetsi du Gasteizko Udalak. 103 milioi euroko kontratua lau urterako izango da.

Hiria garbitzeko kontrata esleitzeko prozesua 2018an abiatu zen, 2019an lehiaketa hutsik geratu zen, eta 2020an, pandemiaren ondorioz, atzeratu egin zen. Azkenik, astearte honetan prozesua burutu du Gasteizko Udalak: Cespa eta Onaindia enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkarteari esleitzea erabaki du gaur Gobernu Batzarrak. Kontratua lau urterako izango da eta 103.126.150,70 euroko aurrekontua izango du

2025era bitartean, kaleak garbitu eta hiri hondakinak bildu eta garraiatzeko zerbitzu publikoa bi enpresa horien esku izango da. Inbertsio berriak egiteko betebeharra izango du enpresa esleipendunak; adibidez, urtean 650.000 euro inbertitu beharko du edukiontzietan. Gainera, Udalak kopuru bera ordaindu beharko du lau urteetan, urteroko prezioen berrikusketa kontratutik kendu delako.

"Garbiketa hobea izango da, eta hiriko birziklatze-indizea handituko da", nabarmendu du Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi Cesar Fernandez de Landak.

Nobedade nagusiak

Gainera, kontratu berriak hainbat hobekuntza ekarriko ditu zerbitzuetan:

  • Gaikako 200 paperontziren instalazioa hiriko leku jendetsuenetan.
  • Larrialdietan zerbitzua egokitzeko aurreikuspena.
  • Ekoizle handientzat ontziak biltzeko edukiontzi giltzadunak jartzeko betebeharra.
  • Irisgarritasun unibertsala edukiontzi guztietan.
  • Ibilgailu eta edukiontzi berriak zerbitzua emateko. Adibidez, edukiontzi berriak erosiko dira lau urte baino gehiagoko 947 edukiontzi inguru aldatzeko.
  • Asteburuetako zerbitzua sendotu beharko dute. Besteak beste, garbitzaileen kopurua handituko da igande eta jaiegunetan.

Gainera, enpresa esleipendunak txipak instalatuko ditu edukiontzietan, material organikoa birziklatzen duten pertsonak identifikatu eta zergetan saritu ahal izateko. Horrekin batera, sarraila elektronikoak eta bolumen-neurgailuak instalatuko dira, besteak beste.

Bestalde, kontrata honetatik kanpoko enpresa espezializatuak arduratuko dira tamaina handiko hondakinen bilketaz eta txorko, hustubide eta iturrien garbiketaz. Izan ere, orain arte hutsuneak izan dira zerbitzu horietan.

Bilketari dagokionez, bost edukiontziak —kartoia, ontziak, beira, gainerakoa eta organikoa— dituzten irlen kopurua 700etik 1.200era handitzea aurreikusi da.

FCCren errekurtsoa

Azken hamalau urteetan zerbitzua kudeatu duen FCC enpresak esleipenaren aurkako helegitea jarriko du, prozesuan "irregulartasun larriak" izan direla salatu ostean. Izan ere, FCCk uste du sarraila elektronikoen baldintzak betetzen zituen enpresa bakarra dela.

Hamabost egun balioduneko epea du helegitea aurkezteko. Egiten badu, esleipena etenda geratuko litzateke Euskadiko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Organoak (OARC) erabaki bat hartzen duen bitartean; ebazpenak emateko batez besteko epea bi hilabetekoa da. 

Hala ere, udal kontratazio-organoak puntuaziorik altuena Cespa eta Onaindiaren proposamenari eman zion azaroan eta prozesuaren aurreko faseetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide