Apirila, liburuen hilabetea Ignacio Aldekoa Kultura Etxean

Erredakzioa 2021eko apirilaren 13a

Ana del Val Kultura Saileko foru diputatua, egitasmoaren aurkezpenean. / AFA

Apirilaren 23an ospatuko da Liburuaren Nazioarteko Eguna, eta, horren harira, Ignacio Aldekoa Kultura Etxeak hamahiru jarduera antolatu ditu, Apirila, liburuen hilabetea zikloaren barruan.

Apirilean zehar, lehiaketak, irakurketa klubak, lantegiak eta liburuen aurkezpenak egingo dira Ignacio Aldekoa Kultura Etxean, Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira martxan jarritako Apirila, liburuen hilabetea egitasmoaren barruan. Horrez gain, irakurketa gida bat ere argitaratuko dute.

Gainera, Ignacio Aldecoa Kultura Etxeko erabiltzaileek konfinamenduan idatzitako kontakizunak bildu dituzte Gure gabezia argitalpenean. Apirilaren 23an aurkeztuko da, Liburuaren Nazioarteko Egunean bertan.

Zikloaren helburua "kultura eta hiritarrak irakurketaren bidez elkartzea, eta irakurtzeko ohitura sustatzea" izango dela azaldu du Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko diputatuak.

 

Hamahiru jarduera

  • Apirilaren 21era bitartean, Bookface lehiaketa. Liburutegiak Egin ezazu bookface bat: liburu baten azalarekin bat egiteko artea lehiaketa antolatu du. Parte hartzeko argazki bat egin behar da, gorputzaren —aurpegia, eskuak eta abar— edo janzkeraren zati bat liburu baten azalaren irudian integratzen saiatuz. Hiru kategoria daude —haurrak, gazteak eta helduak—, eta saria 100 eurokoa izango da horietako bakoitzean.
  • Apirilaren 15ean, English Book Club. Ingelesezko kluba, ingelesezko mintzamena hobetu nahi duten literaturazaleentzat. Egun horretan hasi eta hilean behin izango da.
  • Apirilaren 20an, Irakurketa kluba Alvaro Arbinarekin. Literatura garaikidearen kluba. Egun horretan hasi eta hilean behin izango da.
  • Apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna: Gure gabezia liburuaren aurkezpena. Kultura Etxeko erabiltzaileek konfinamenduan liburutegiaren itxierari eta pandemiari buruz idatzitako kontakizunak. Mila ale inprimatu dira eta egun horretan banatzen hasiko dira. Aurkezpenaren ondoren, mahai ingurua egingo da krisi garaiko literatura eta kulturari buruz, liburuan parte hartu duten lau idazlerekin —Alvaro Arbina, Karmele Jaio, Patxi Zubizarreta eta Marisol Ortiz de Zarate— eta beste hainbat gonbidaturekin batera.
  • Apirilaren 24an, gazteentzako idazketa eta irakurketa lantegia. Bigarren hezkuntzako ikasleei zuzendutako euskarazko tailerraren lehen saioa Patxi Zubizarreta idazleak gidatuko du.
  • Apirilaren 26an, Enrique Arberasen Perretxiko: el oro blanco de los vascos liburuaren aurkezpena.
  • Apirilean zehar, irakurketa errazari buruzko prestakuntza ikastaro bat antolatuko da, dibertsitate funtzionala dutenekin lan egiten duten profesionalei zuzenduta.
  • Maiatzaren 4an, 5ean eta 6an, Kaligrafia artistikoaren hastapenak lantegia emango du Nerea Lekuonak; sei ordukoa izango da.
  • Bestalde, literatura sariei buruzko interes zentroa martxan jarriko da, azken urteotan saritutako egileen liburuen erakusketa. Maileguen atalean egongo da.

Irakurketa gida

Hamahirugarren eta azken jarduera 100 ahaztezinak irakurketa gida izango da. +55 elkartegien programaren barruan, 2021. urterako ehun bat izenburu gomendatuko dira gida horretan: filmak, liburuak, eleberriak eta komikiak, besteak beste.

"Bizitza osoa aurretik duten pertsonaiei buruzko istorioak" izango dira gidaren oinarria. Izan ere, programaren asmoa da adineko gizon eta emakumeen bizitza eta lana erakustea. Elkartegiekin lankidetzan aritzen diren irakasleek eta gerontologiarekin lotura estua duten hainbat pertsonak egin dute gida.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago