Martxoaren 29an, Arabako egoitzetako zein eguneko zentroetako erabiltzaile eta senideak biltzen dituen Babestu elkarteak salaketa aurkeztu zuen Arabako Osasun Saileko Lurralde Ordezkaritzan, San Prudentzio egoitzan hartutako neurriak "gizagabeak" zirela baloratuz.
Izan ere, langileen artean Covid-19 positibo bat atzeman ostean, San Prudentzio udal egoitzak senideei jakinarazi zien solairu bateko egoiliarrak norbere geletan konfinatuko zituztela, Osasun Sailak agindutakoa betetzen ari zirela azalduz.
Konfinamendu indibiduala apirilaren 9an amaitu zen, eta senideek egun horretan bertan jaso zuten salaketaren erantzuna. Arabako Lurralde Ordezkaritzak egoitzak adierazitakoa gezurtatu du: "Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du ezarri solairu horretako egoiliarrak beren geletan konfinatuta egon daitezen, espazio komunak partekatu gabe, apirilaren 8ra arte".
Babestu Araba plataformaren ustez, erantzun horrek berresten du San Prudentzio egoitzaren kudeaketa "arbitrarioa" izan dela eta "ez dela inolaz ere lehenetsi egoitzako solairu horretan bizi diren pertsonen ongizatea".
Horrenbestez, protokoloak aldatzea eta neurriak hartzea eskatu du Babestuk, "senitartekoek eta San Prudentzio egoitzako erabiltzaileek jasandakoa berriro gerta ez dadin".