Olarizuko etxebizitzen hondatzea salatu dute Fiskaltzaren aurrean

Erredakzioa 2021ko api. 8a, 14:00
Olarizuko etxebizitza baten egoera Udalaren esku-hartzearen ostean. / BENETAKO GREEN

Udalak eta 21 Zabalguneak ondare publikoa kontserbatzeko betebeharra bete ez dutela uste du Benetako Green plataformak, eta salaketa jarri du Fiskaltzaren aurrean, Olarizuko 124 etxebizitzen "hondatze larriagatik".

"Benetako Green Capital baten espiritua berreskuratzeko" helburuarekin sortutako plataformak salaketa bat jarri du aste honetan Arabako Fiskaltzaren aurrean, Olarizu etorbidean kokatutako titulartasun publikoko 124 etxebizitzak "larriki hondatu" direlako.

Plataformaren ustez, Gasteizko Udalak eta 21 Zabalgunea sozietate publikoak "ez dituzte bete, modu agerian edo arduragabean, ondare publiko hori kontserbatzeko betebeharra, erosi zirenetik inolako ahaleginik egin gabe". Era berean, etxebizitza horiek administrazio publikoarentzat 19 milioi eurotik gorako kontabilitate balioa dutela ohartarazi dute.

Azaldu dutenez, 124 etxebizitza horiek Zabalgune 21 sozietateari eman zizkioten aurreko jabeek, "bizigarritasun egoera ezin hobean eta, kasu gehienetan, barruan altzariak eta bestelako tresnak zituztela".

Gazteentzako etxebizitzak

Salaketa jartzearekin batera, Benetako Greenek gogorarazi du 2017ko uztailean Gasteizko Udaleko osoko bilkurak mozio bat onartu zuela, udal gobernuari eskatuz "gazteentzako bizitegi-irtenbideak aztertzeko, adosteko, garatzeko eta ezartzeko".

Ildo horretan, plataformak eskatu du etxebizitza horiek 21 Zabalgunea sozietatearen jabetzako etxebizitza-multzoan kokatzea, Olarizu auzoan, "eta formula horiek argi eta garbi zehaztea hurrengo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean".  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide