Olatz Salvador, Kai Nakai eta Dupla, aurtengo 'Kulturunea' emanaldietan

Erredakzioa 2021eko apirilaren 7a

Olatz Salvadorrek abiatuko du emanaldi sorta. / VITAL FUNDAZIOA

Programaren bigarren edizioa egingo dute aurten. Dendarabako aretoan ez ezik, streaming bitartez ere jarraitu ahal izango dira emanaldiak.

Datorren asteko asteburuan, hilaren 16, 17 eta 18an izango dira 'Kulturunea' programako emanaldiak, 19:30ean. Hurrenez hurren, Olatz Salvador, Dupla bikotea eta Kai Nakai (Iratxe Aguilera) arituko dira oholtza gainean, Dendarabako aretoan. Bertan aforo mugatua izango dute, eta saio bakoitzak 5 euroko sarrera izango du. Aretoan ez ezik, Gaztea eta Vital Fundazioaren webguneetan ere jarraitu ahal izango dira, streaming bidez. Horrez gain, etorkizunean ETB1 bitartez ikusi ahal izango dira kontzertuak. Gaztea irratiko Ainhoa Vitoria esataria arituko da aurkezle lanetan.

Iaz pandemia arintzeko sortu zuten ekimena, eta, haren emaitza ona ikusita, aurten errepikatzea erabaki dute. Ohar batean diotenez, "artearen mundua sustatzeko eta dinamizatzeko, eta publikoa berriz erakartzeko" abiatu dute ekimena. Iazkoarekin alderatuz, aurtengo saioa adin tarte gazteago bati bideratu nahi izan dute. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago