Gasteizko Udalak Gure Txokoa jarri du salgai 3,8 milioi eurotan

Erredakzioa 2021ko mar. 31a, 11:47
Gure Txokoa lehiaketara aterako du Udalak. GASTEIZKO UDALA

Amvisak eraikina erosteko interesa agertu du.

Gure Txokoa saltzeko lehiaketa egingo du Gasteizko Udalak. Eraikina, egun, 21 Zabalgunea eta Gilsa sozietateen egoitza da. Hortaz, Gorka Urtaran alkateak iragarri duenez, udal gobernua aztertzen ari da eraikuntzaren salmenta esleitu ondoren 21 Zabalguneko eta Gilsako langileak Zulueta jauregira lekualdatzeko aukera eta, horrela, Senda ibilbideko eraikin hori berreskuratzea. "Alternatiba ona izango litzatekeela uste dut, kontuan hartuta, gainera, agian Amvisa lehiaketara aurkeztuko dela, eta Gure Txokoa hartuko balu, Amvisako langileek beste leku batera aldatzeko planteatutako beharrari erantzuna emango litzaiokeela”, esan du alkateak.

Udalaren txosten teknikoaren arabera, lursailaren balioa 3.895.304 eurotan dago. Lursailak 1.855,28 metro karratuko azalera du eta bi eraikuntza daude bertan: eraikin nagusia 498,26 metro karratuko lurzati batean –portxea barne– eta guztira 1.627.38 metro karratuko azalera eraikia; eta eraikin osagarri bat 84 metroko lurzati batean, guztira 204 metro karratuko azalera eraikiarekin. Gaur egun erabilera tertziarioa du.

Amvisak edo beste lizitatzaile batek Gure Txokoa erosten duenean, udal sozietateak lekualdatuko lirateke; orain lekualdatze horien bideragarritasuna aztertzen ari dira.

Zuluetarentzat, erabiltzaile bila

Zulueta jauregia erabiltzen hastea Erdigunerako Masterplanean jasotako proiektuetako bat da. Hasiera batean beste erabilera batzuk baloratu eta sustatu ziren Gasteizko Senda ibilbideko eraikin horretarako, baina Urtaranen Gobernua 21 Zabalgunea eta Gilsa hara eramatea ari da aztertzen orain. Bere garaian Arabako Errioxaren Ardoaren Zentroa kokatu nahi izan zuen bertan Urtaran alkateak, eta ondoren Schommer argazki-zentroa. Bi proiektuak gelditurik daude une honetan.

Udal gobernuaren planek urtebete beharko dute gutxienez hezurmamitzeko, hori baita Gure Txokoaren lizitazioa eta esleipena izapidetu ahal izateko beharko den denbora, bai eta Zulueta egokitzeko ere, 21 Zabalguneako eta Gilsako langileak hara eramatea erabakitzen bada. Nolanahi ere, alkateak gogorarazi du Zulueta jauregia osorik babestutako eraikina dela, eta, beraz, barruko eta kanpoko itxura zein lorategiarena mantendu beharra dagoela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide