Juan Sagastizabal margolariak (Eibar, 1952) Zergatik ditut gogoko sugandilak? erakusketa aurkeztu du asteon Atarian. Askotariko formatuko 30 margolanek osatzen dute erakusketa. Lanak oihal, paper eta ehun birziklatuen gainean tenple- eta olio-pinturaz eginak dira, eta narrastien mundua dute gai, zehazki, Arabako udalerrietako edozein bazterretan bizi diren musker eta sugandilak.
Egilea autodidakta da, eta besteak beste, sugandilak, igelak, matxinsaltoak, sorgin-orratzak, tximeletak, erlastarrak eta ditu protagonista eta, haiekin batera, landare-ingurunea. Sagastizabalen hitzetan, erakusketa "biziaren adierazpen eta ospakizuna da. Naturaren koktela da; koadroek zelaiaren usaina dute, baso hezearena, larrearena… Erakusketak hotza edo beroa sentiarazi nahi du, nabariarazi nola jotzen duen haize finak… Soinu-memento bat, baina zaratarik gabea, isiltasuna entzuteko aukera ere ematen duena".
Lanak maiatzaren 2ra arte egongo dira Atarian ikusgai, asteartetik igandera bitartean, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.