1981ko martxoaren 29a igande arrunt bat omen zen Gasteizko erdigunean, baina 11:30ak aldera tiro hotsek lasaitasuna apurtu zuten. 33 polizia sekretu zabalduta zeuden Florida parkearen inguruan, eta beraien helburua zen ETA militarraren Araba komandoko kideak harrapatzea; batez ere, Joxe Manuel Ariztimuño Pana eta Mikel Lopetegi.
Aurreko egunetan atxiloketa ugari egon ziren Araban, eta, Antonio Carrasco poliziaren arabera, atxilotu batek hitzorduaren berri eman zien. Erretiroa hartu ondoren COPE irratiari emandako elkarrizketa batean azaldu zuenez, ondo gogoratzen du operatiboa; bere hitzetan, "hunkigarria izan zen, oso polita".
Operazioa aurreko iganderako aurreikusita eta prestatuta zegoen, baina egun horretan ETAko kideak ez ziren agertu. Hilaren 29an, aldiz, Goya gasolindegiaren ondoan elkartu ziren Txetxu Urtaran eta Txusma Ollora Ariztimuño eta Lopetegirekin. Komunikabideetan zabaldu zen bertsio ofizialaren arabera, une horretan enfrentamendu bat gertatu zen.
Gertakarien lekuko zuzena izandako Txetxu Urtaranek, ordea, baieztatu du ez zegoela inolako tiroketarik gertatu. Bere bertsioaren arabera, bat-batean, polizia ugarik inguratu zituzten; gelditzeko agindua eman bezain laster, esku batek Pana heldu zuen eta, buelta ematerakoan, tiro bat eman zioten bularrean. Erortzen ari zenean beste tiro bat jaso zuen. Ez zuten erreakzionatzeko astirik izan.
Lekukoek azaldu dutenez, Txetxuk eta Txusmak aginduari men egin arren, hasieratik kolpatuak izan ziren. Txetxu lurrera bota zuten, eta eskumuturrak jarri ostean hainbat kolpe eman zizkioten, baita kanoiak moztutako eskopeta bat ahoan sartu ere; orduan entzun zuen: "Hil ezazu, dagoeneko badaukagu hilotz bat, beste batek ez du axola". Metro batzuk korrika egin ondoren, Lopetegi balaz zauritua eta atxilotua izan zen.
Sarekada, inkomunikazioa eta torturak
Segadaren ostean, Poliziak sarekada zabal bat burutu zuen: hamaika pertsona gehiago atxilotu zituen Gasteizen, Agurainen, Eskoriatzan eta Olaztin. Zenbait etxe miatu eta bi zulo topatu zituzten. Era berean, komandoko kideei azken urteetan herrialdean egindako atentatu guztiak leporatu zizkieten.
Atxilotuak hamar egunez inkomunikaturik egon ziren, eta, guztiek torturak salatu arren, beraien adierazpenak hainbat epaiketatan erabili izan dira froga gisa. Esate baterako, Clara Eugenia Bayarri Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak 2012an aurkako boto bat aurkeztu zuen Alberto Lopez de Lacalleren kontrako epai batean, frogetako bat Lopetegiren testigantza zelako. Epaileak zalantzan jarri zuen testigantzaren baliagarritasuna: "Mikel Lopetegiren adierazpenetan askatasun eta espontaneotasunaren falta" argudiatu zuen.
Bayarrik nabarmendu zuenez, Lopetegi aldakan balaz zaurituta zegoen arren, ez zegoen inolako txosten medikurik, eta lehenengo orduetan ez zuten ospitalera eraman. Poliziaren bertsioaren arabera, arratsaldeko lehenengo orduetan eraman zuten. Ordurako, Poliziaren diligentziei jarraituz, 12:30ean bi atxiloketa egin ziren bere testigantzan oinarrituta, eta 13:00etan Iparragirre-Guenetxea familiaren baserria miatu zuten Eskoriatzan.
Lekukotzak
Mikel Antzak gertakariak jaso ditu berriki argitaratu duen Arroz urez liburuan. Bertan agertzen da Marixol Iparragirreren lekukotza; miaketan presente zegoela, gogoratzen du: "Lopetegi ekarri zuten, zauritua eta zurbil baina gris, aurpegi ezagutezinarekin". Ia familia osoa atxilotu zuten bertan: ama eta lau seme-alaba, tartean adin txikiko bat; bakarrik amona eta bi urteko alaba geratu ziren libre, eta aitak ihes egitea lortu zuen.
Lopetegik Txetxu Urtarani kontatu zion bihurkin bat sartu ziotela zaurian. Mikelen anai Nikolasek Mikel Antzari aitortu zion: "Bisita guztietan galdetzen zigun baserriko familiagatik. Ezin zuen burutik kendu beragatik familia horrek jasandakoa". 1988an hilik agertu zen Herrera de la Manchako ziega batean.
Bestalde, Ariztimuñoren heriotza salatzeko greba orokor bat egin zen bere jaioterrian, Hernanin. Dena dela, aurreikusitako hileta bertan behera utzi zuen familiak, Guardia Zibilak gorpua hilerriraino eraman eta bertatik ez ateratzeko agindu baitzuen. Halaber, herria okupatu zuten, eta zenbait istilu gertatu ziren; gainera, udaletxea asaltatu zuen poliziak, haga erdian eta xingola beltzarekin zegoen ikurrina eramateko.