Estereotipoen gaineko kritika feminista azalduko dute Gasteizen

Erredakzioa 2021ko mar. 26a, 18:00
Aurten lau artistaren lanak jasoko dituzte. / ARTGIA

Alejandra Buenoren artelanak jasotzen dituen erakusketa aurkeztu du Gasteizko ARTgia sorguneak. Emart programaren barruan aurten zabalduko diren lau erakusketatik lehenengoa izango da. 

Alejandra Bueno artista gasteiztarraren No soy flor de tu florero izeneko erakusketa zabaldu dute ARTgia sorgunean. Ikus-entzunezkoak eta argazkiak jasotzen ditu erakusketak, "umorea eta absurdoa oinarri" emakumeen gaineko estereotipoei kritika feminista eginez. "Buenoren lanak kolorearen, elementu sinbolikoen eta egoera anodinoen erabileran oinarritzen dira, emakumeen gorputz eta identitateetan erabiltzen den boterea kritikatzeko", azaldu dute antolatzaileek, prentsa ohar batean. 

Artean doktore da Bueno, eta Ekuadorreko Guayaquilgo Arteen Unibertsitatean irakasle gisa lan egiten du. Haren ibilbide profesionalean zehar hainbat beka eta sari jaso ditu. 

Galeriak urtero egiten duen Emart deialdiaren ondorioz egiten duten erakusketa-denboraldiaren lehena da honakoa. Deialdiak emakume sortzaileen artelanak erakustea eta bultzatzea du helburu. 2018tik ari dira egiten Emart, lurraldeko artistei "ikusgarritasuna eta babesa emateko", antolatzaileen hitzetan. Modu berean, haien ibilbide profesionalaren garapena diruz lagundu nahi dute.

Iazko abenduan egin zuten lanak jasotzeko deialdia. Kulturaren alorrean trebatutako hiru emakumek osatutako epaimahaiak lau finalistak aukeratu ditu. Alejandra Buenoz gain, Nefer Olaizola, Carolina Mattos eta Xialu Zurutuza artistak izan dira hautatutakoak, eta, hortaz, haien lanen gaineko erakusketak egingo dituzte aurten ARTgian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide