Judimendiko 633 aparkaleku TAO eremu bihurtzea proposatu du Udalak

Erredakzioa 2021ko mar. 24a, 19:23
Plaza gehienak egoiliarrentzat izango dira; hau da, eremu berdekoak. / ALEA

Gasteizko Udalak proposatu du TAO eremua Judimendiko hamahiru kaletara eta 633 aparkaleku plazara zabaltzea, auzoko bizilagunentzat gordetzeko.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak Judimendiko Auzogunean eman du garatzen ari den planaren berri. Udal gobernuak auzo elkarteekin elkarbanatu du aurten bertan abian jarri nahi duen proiektua, eta bizilagunek pozez hartu dute.

Oinarrizko proposamenaren arabera, gaur egun Judimendin TAOrako erabiltzen den eremua zabalduko da, auzotik kanpoko gidarien okupazio handiaren aurrean Judimendiko bizilagunak babesteko. Izan ere, gasteiztar askok euren ibilgailuak auzo honetako aparkalekuetan uzten dituzte, gero erdialdera joateko.

Guztira, 633 plaza berri aurreikusi dira 340 baterian eta 293 linean. Horietako gehienak egoiliarrentzat eremu berdekoak izango dira, hau da, eremuko txartela duten bizilagunek eta merkatariek denbora mugarik gabe aparkatu ahal izango dute; horrez gain, tiketa jarrita, beste ibilgailu batzuk aparkatzeko aukera egongo da, ordu eta erdiko denbora mugarekin.

Plaza urdinen ehuneko txiki bat ere bermatuko da, auzoko jarduera ekonomikoari zerbitzua emateko. Hala ere, egoiliarrentzako eremu esklusiboak sortzea ere aztertzen ari dira.

Zein kaletan izango dira?

Aldaketak honako hamahiru kale planteatu dira:

  • Santiago hiribidea: 88 baterian eta 17 ilaran
  • Cola y Goiti kalea: 23 ilaran
  • Miranda Ebro kalea: 14 baterian eta 12 ilaran
  • Trebiñoko Konderriaren kalea: 13 ilaran
  • Benito Guinea: 51 baterian eta 28 ilaran
  • Judimendi hiribidea: 27 baterian eta 23 ilaran
  • Osasun Iturri kalea: 31 baterian eta 59 ilaran
  • Mariano San Miguel: 18 ilaran
  • Santa Luzia: 18 ilaran
  • Sutaustegi Zaharra: 21 ilaran
  • Errekatxiki: 19 baterian eta 38 ilaran
  • Federico Baraibar: 22 ilaran eta 76 plazako aparkalekua
  • Florida: 33 baterian

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide