Gasteizko haur eskola publikoetan matrikulatzeko epea apirilaren 12an irekiko da

Erredakzioa 2021ko mar. 24a, 13:15

Haurtzaro haur eskola, Gasteizko Alde Zaharrean. / ALEA

Gasteizko 25 haur eskola publikoen matrikulazio epea apirilaren 12tik maiatzaren 9ra arte izango da. 1.428 leku eskainiko dira, eta izapidea internetez edo herritarrei laguntzeko bulegoetan egin ahal izango da.

2020-2021 ikasturtean seme-alabak Gasteizko haur eskola publikoetara eraman nahi dituzten pertsonek apirilaren 12tik maiatzaren 9ra bitartean egin ahal izango dute matrikulazioa. 2021eko maiatzaren 5etik 14ra bitartean jaiotako haurren kasuan, matrikulazioa maiatzaren 19ra arte luzatuko da. 

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok nabarmendu duenez, Udala Haurreskolak Partzuergoarekin lan egiten ari da herritarrei leihatila bakarreko zerbitzua eskaintzeko. Pandemiaren eraginez ikasturte honetan ezarritako segurtasun protokolo berezia datorren ikasturtean ere mantenduko da.

Horrez gain, 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat zerbitzuak doakoa izaten jarraituko du.

1.428 leku

Gasteizko haur eskola publikoen sareak 25 eskola ditu une honetan, eta 1.428 leku: 962 urte bateko umeentzat, 304 urte bat baino gutxiagoko haurrentzat, eta 162 bi urtekoentzat.

Plaza horietako batean izena online emateko aukera dago, Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez; horretarako, identifikazio digitaleko ziurtagiria beharrezkoa da. Horrez gain, aurrez aurreko matrikula herritarrei laguntzeko bulegoetan egin daiteke, gizarte etxeetan edo San Antonio kaleko udal bulegoan.

Ekainaren 4an, zerrendak

Aurre-matrikulazio epearen ostean, onartuen behin-behineko zerrendak eta itxarote-zerrendak ekainaren 4an argitaratuko dira. Ondoren, erreklamazioak egiteko epea ekainaren 4tik 9ra bitartean izango da, eta, azkenik, ekainaren 21ean argitaratuko dira behin betiko zerrendak.

Matrikula ekainaren 21etik 25era bitartean baieztatu beharko da. Ikasturtea irailean hasiko da, eta, leku librerik egonez gero, familiek hilez hil eman ahalko dute izena.

Informazio-hitzaldiak

Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak bi hitzaldi antolatu ditu informazio gehiago jaso nahi duten familientzat:

  • Apirilaren 12an, astelehenean, 18:00etan Europa jauregian
  • Apirilaren 13an, asteartea, Salburuko gizarte etxean.

Hitzaldietan parte hartzeko izena eman beharko da Udalaren webgunean. Hala ere, saioak streaming bidez jarraitzeko aukera ere izango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide