Arabarron memoria

Fournierreko emakume kartagileen memoria berreskuratu du Bibat Museoak

Erredakzioa 2021ko mar. 24a, 12:07
Erakusketa eta argitalpena aurkeztu ditu Bibat Museoak. / AFA

Naipes Heraclio Fournier lantegiko emakume kartagileei omenaldi gisa, beren historiari buruzko erakusketa eta liburua aurkeztu ditu Bibat Museoak. Erakusketa 2022ko urtarrilaren 31ra arte izango da ikusgai.

Heraclio Fournierrek 1870ean sortu zuen Naipes Heraclio Fournier inprimaketa enpresa. Beranduago espezializatu zen Gasteizko sinbolo bilakatu diren joko kartetan. 2020an, pandemiaren urtean, 150 urte bete ziren lehen fabrika sortu zenetik.

Asteazken honetan, Bibat Museoan, urteurrenaren harira sortutako erakusketa eta argitalpena aurkeztu dituzte Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Javier Berasategui Naipes Heraclio Fournier enpresako zuzendari nagusiak, Diego Ruiz de Gauna marketin arduradunak, Edurne Martin museoko teknikariak eta Aritza Saenz del Castillo argitalpenaren egileak.

Erakusketa

Emakume kartagileak. Memoria bizia erakusketarekin Fournierreko emakume kartagile guztiei omenaldia egingo zaie, karta fabrikaren hasieratik plantillaren zati garrantzitsu bat osatu baitute. Gasteizko zein Arabako herrietatik iritsitako emakumeak ziren, emakumeen lana industriarekin lotzen ez zen garai batean; eta, horrela, hiriaren historiaren parte bihurtu ziren.

Erakusketa Arabako Fournier Karta Museoak antolatu du, eta 2022ko urtarrilaren 31ra arte izango da ikusgai Bibat Museoko aldi baterako erakusketen aretoan.

 

Liburua

Bestalde, Heraclio Fournierreko emakume kartagileen historia. Memoria biziaren adierazpen bat argitalpena aurkeztu dute, Aritza Saenz del Castillo EHUko Gizarte Zientzien Didaktika Departamentuko irakasle atxikiak egin dituen ikerketak jasotzeko.

Ikerketa horietan emakume kartagileen inguruko informazio zabala topatu daiteke: egindako jarduera eta zereginak, beren lan baldintzak, lurraldearen garapen ekonomikoari egin zioten ekarpena edo XX. mendeko azken hamarkadetako industria garapenean izandako aldaketak. Gainera, beste alderdi batzuk ere aztertu ditu Saenz del Castillok, hala nola Gasteizko gizarteak emakume haietaz zuen ikuspegia.

Argitalpena liburu dendetan eta Museoan bertan eskuratu ahal izango da, 18 euroko prezioan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide