Bizikletentzako lonja berria du Gasteizko Alde Zaharrak

Erredakzioa 2021ko mar. 23a, 11:36
VGBiziz sareko lonja berria estreinatu da Erdi Aroko hirigunean. / GASTEIZKO UDALA

Bizikletak gordetzeko gune seguruak sustatzeko Gasteizko Udalaren estrategia aurrera doa, eta 30 aparkaleku dituen bizilonja berri bat estreinatu da Hedegile kaleko 76. zenbakian.

Gasteizko Udalak Ingurugiro Gaietarako Ikastegiarekin batera bultzatutako VGBiziz sareak bizikletak gordetzeko hamargarren lonja ireki du Arabako hiriburuan. Hedegile kaleko 76. zenbakian estreinatutakoa lehendik zeudenei autobus geltokian, postetxean, Mendizorrotzean, Arabako campusean, Santiago Ospitalean, Aranan, Adurtzan, Ariznabarrean eta Santa Barbarako aparkalekuan gehituko zaie.

Hiriko hamargarrena da, baina gisa horretako lehena Alde Zaharrean. Halaber, lehenengo aldia da 21 Zabalgunearen udal lonja bat birgaitzen dela erabilera hori emateko, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren 36.000 euro baino gehiagoko inbertsioari esker; Energiaren Euskal Erakundearen finantzaketa ere izan dute lanek.

Gaur egun, VGBiziz sareko zerbitzuak 2.760 pertsona baino gehiagori ematen die zerbitzua. "Sarea funtsezko zerbitzua da mugikortasun eredu berri bat sustatzeko", azpimarratu du Raimundo Ruiz de Escudero zinegotziak.

30 aparkaleku

Hedegile kaleko 76. zenbakiko lokal berriak 30 bizikletarentzako lekua du, 67 metro koadroko espazioan; plaza horietako bi zama-ibilgailuentzat dira.

Horrez gain, bizikleta elektrikoak kargatzeko bost gune jarri dituzte. Sare bereko beste lonjetan bezala, aldez aurretik abonamendua kontratatu ondoren, aplikazio bat erabiliz sar daiteke lokalera.

Lokal berriak 30 bizikletarentzako lekua du. / GASTEIZKO UDALA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide