2.210 plaza izango dira Gasteizko Udalaren opor jardueretan

Erredakzioa 2021ko mar. 22a, 18:32
Estibaliz Canto, Hezkuntza eta Kultura zinegotzia. / GASTEIZKO UDALA

Gasteizko Udalak opor jardueren programa berreskuratu du, askotariko ludoteka, udaleku eta jarduerarekin. Izena emateko epea apirilaren 6an hasiko da, eta jarduerak ekainaren 21etik abuztuaren 27ra bitartean izango dira.

Pandemiaren ondorioz, 2020an bertan behera geratu zen, baina Gasteizko Udalaren opor jardueren programak 2.210 plaza eskainiko ditu: 1.797 leku 4 eta 17 urte bitarteko haur eta gazteentzat izango dira, baina herritar ororentzako beste 413 plaza izango dira ere, jarduera nautikoetako hastapen ikastaroetan.

Eskaintza zortzi programatan banatuta dago, eta hamar astez luzatuko dira, ekainaren 21etik abuztuaren 27ra bitartean egingo da: Jolas txokoak (640 plaza), Udako ludotekak (477 plaza), Green Summer Camp (200 plaza), Abentura udalekua (90 plaza), Udako txokokluba (110 plaza), Jarduera nautikoetako campusa (184 plaza), Udalekuak hondartzan (96 plaza) eta Jarduera nautikoetako hastapen ikastaroak (413 plaza).

Udal sailen planifikazio bateratu eta koordinatuari esker antolatu da osasun agintariek ezarritako neurrietara egokitutako programa. Gainera, Hiri Hezitzaileen Gutunetik ateratako balioak eta hezkuntza helburuak izan dituzte oinarri: "Gizalegea, sormena, bakearen kultura, ekitatea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, jasangarritasuna eta abar", azaldu du Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotziak.

Izen-ematea

Programan izena eman nahi dutenek apirilaren 6tik 18ra egin ahal izango dute. Ondoren, maiatzaren 10ean, zozketa egingo da; eta aukeratutakoen izen-ematea maiatzaren 10etik 18ra formalizatu beharko da. Maiatzaren 21ean, libre geratutako plazak argitaratuko dira, eta maiatzaren 26tik ekainaren 6ra bitartean eskatu ahal izango dira.

Jarduera nautikoetako hastapen ikastaroetan, berriz, maiatzaren azken astean hasiko da izena emateko epea, eskainitako lekuak bete arte.

Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko hainbat bide daude: gizarte etxeetan, aurretiaz hitzordua eskatuta (8:30etik 20:00etara, astelehenetik ostiralera); herritarren argibideetarako telefonora deituz (010 edo 945 16 11 00); eta Udalaren webguneko egoitza elektronikoaren bitartez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide