Elikadura jasangarria bultzatuko dute Asparreneko adinekoen jantokian

Erredakzioa 2021ko mar. 22a, 11:28
Jantokiaren egunerokoa eta kudeaketa "modu integralean" landuko dituzte. / ASPARRENA

Asparreneko adinekoen zentroko eta etxebizitza komunitarioko jantokiak elikadura jasangarrirako tresnak garatuko ditu, erosketa publikoan, jendartearen sentsibilizazioan eta tokiko nekazaritzan ekoizpen zein banaketa jasangarriak bultzatuz.

Kontzientziadun hornikuntza eta elikadura jasangarrirantz egitasmoaren ardatza izango da Asparreneko adinekoen zentroko eta etxebizitza komunitarioko jantokia. Proiektu hori Lautada Landa Garapenerako Elkarteak, Asparreneko Udalak eta Asparreneko adinekoen zentroko eta etxebizitza komunitarioko jantokia kudeatzeko arduradunak martxan jarri dute, erakundeen arteko harremanak, elikadura, jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra eraldatzeko.

Asparreneko jantokia bere tamainagatik, udal titulartasunekoa izateagatik eta bertako arduradunaren prestutasunagatik aukeratu dute proiektu osoaren ardatz izateko, baina, aurrera begira, beste jantoki publiko batzuetara eta elikagaien erosketa publikorako baldintza administratiboen pleguetara zabaltzea bilatuko dute.

Egitasmoak Daniel eta Nina Carasso Fundazioaren laguntza izango du, elikadura jasangarriranzko trantsizioa 2020an gauzatzeko Lurraldekako Elikadura Sistema deialdiaren bidez. Hain zuzen ere, elikadura jasangarriaren esparruan aldaketa bultzatu dezaketen proiektuak identifikatu nahi ditu fundazioak.

Zazpi ekintza

2021. urtean garatuko da egitasmoa, eta jantokiaren eguneroko bizitza eta kudeaketa "modu integralean" lantzen dituzten zazpi ekintza biltzen ditu. Lehenik eta behin, elikagaien eta menuen gaur egungo hornikuntzari, eskualdeko ekoizpenei eta ekoizleen interesari buruzko datuak eta iritziak biltzen ari dira.

Era berean, jantokiko hondakinen kudeaketa eta Zero Hondakin helburuei buruzko egoera ere aztertzen ari dira. Analisia burutu ondoren, aldaketarako helburuak eta horiek lortzeko moduak planteatuko dituzte.

Lehenengo fase horrek sei hilabete iraungo du, eta hori aurrera eramateko pertsona bat kontratatu du Asparreneko Udalak. Pertsona horrekin batera, Asparreneko Udaleko ordezkariek, ADR Lautadako teknikariek, eskualdeko bi ekoizlek eta sukaldeko arduradunak aztertuko dituzte proposamenak elikadura jasangarriranzko bidean.

Gainera, proiektu orokorraren barruan, pertsona eta erakunde interesdun guztiei zuzendutako bestelako ekintza batzuk garatuko dituzte:

  • Adinekoen nutrizioari eta elikaduraren iraunkortasunari buruzko ikastaroa.
  • Garbiketa ekologikoari buruzko ikastaro-tailer bat, etxebizitzen iraunkortasunaren ikuspegi integrala emateko. Horren ondoren, zabaltzeko materiala osatuko dute.
  • Jardunaldi bat erosketa publikoan elikagaien jasangarritasun irizpideak lantzeko. Baldintza administratiboen agiri bat garatuko da bertan, landutako irizpideak erantsita.
  • Bi jardunaldi Bazkaltzera gonbidatzen zaituztegu izenburupean, sukaldaritzako jakintzak trukatzeko eta adinekoen bi zentrotako erabiltzaileen artean otorduak partekatzeko.
  • Egitasmoa eta bertan sortutako materialak aurkezteko jardunaldi bat.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide