Adineko pertsonak zaintzeko baliabideak eskatzen duten 2.000 sinaduratik gora bildu ditu Zaramagak

Erredakzioa 2021ko mar. 12a, 11:22

Zaramaga auzoko kale baten artxiboko irudia. / WIKIPEDIA

Bizigarri Auzo Elkartea astelehenean joango da Gasteizko Udaleko Gizarte zerbitzuen batzordera.

Gasteizko Zaramaga auzoko Bizigarri Auzo Elkarteak sinadura bilketa bat egin du, auzoan menpeko adineko pertsonak zaintzeko baliabide eta zerbitzu publikoak eskatzeko, eta 2.000 sinadura baino gehiago lortu ditu. Astelehenean, martxoaren 15ean, Gasteizko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Batzordera joango dira eta bertan, ekimena udalbatzako kideen aurrean aurkezteaz gain, betetzea ere eskatuko dute.

Auzoan zerbitzuak emateko eskatzen dute, hala nola, egoitza txikiak, eguneko zentroa edo etxebizitza komunitarioak. "Azken batean, hurbileko zerbitzu publikoak eskatzen ditugu, pertsonak erdigunean jarriko dituztenak eta haien ongizatea eta hurbileko ingurunearekin duten lotura bermatuko dutenak", aipatu dute. Horrekin batera, gogorarazi dute etxez etxeko laguntza-zerbitzua ez dela nahikoa, eta "baliabide publiko gehiagoz" hornitu behar da: "Nekatuta gaude, premia larri horren aurrean ezer egiten ez dugula ikustean. Hori dela eta, astelehenean udaletxera joango gara, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea delako eta herritarren zati hori artatzea ere bere ardura delako", azpimarratu dute.

Bizigarrik azaldu du Zaramaga hiriko auzorik zaharrenetako bat dela, eta bertakoen %34k 65 urtetik gora dituela: "Gaur egun, ordea, adinekoen zentro soziokultural bakarra du Zaramagak. Mendekotasuna duten pertsonentzako espazioen aldarrikapena Bizigarriko Auzo Elkartearen nagusietako bat da 2001. urtetik. Hala eta guztiz ere, udal gobernu batek ere ez du erreklamazio hori babestu eta, bitartean, auzoa zahartzen ari da", salatu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide