Udalak hurrengo EPErako azterketak irailaren amaieran egiten hastea aurreikusi du

Erredakzioa 2021ko mar. 11a, 17:31

Gasteizko Udaleko Giza Baliabideen Sailak C1 taldearen Enplegu Publikoko Eskaintzako lehen probak irailaren amaiera eta urriaren hasiera bitartean egiteko helburua ezarri du.

Osasun egoerak azterketa horiek hasteko aurreikuspenak baldintzatu ditu; izan ere, antolakuntzak egun gutxian izangaien bolumen handia jaso ahal izateko behar adinako aforoa duen esparrua behar du. Pandemiaren bilakaera-aurreikuspenak, txertaketa-programaren garapena, guneen eskuragarritasuna eta beste faktore osagarri kontuan hartuta, Gasteizko Udalak hautaketa-organoei eskatu die proba horiek ez hasteko irailaren 28a baino lehen.

11.200 eskaera baino gehiago aurkeztu dira udaleko enplegu-eskaintza honetara, Udalak hasitako handienetako bat, eta horietatik 7.390 Administrazio Orokorraren espezialitatekoak dira. Deialdi honetarako izangaien kopuru zabalak hura egiteko logistika ere baldintzatzen du.

C1 taldearen EPEko probak irailaren 28aren ondoren egiteko aurreikuspena egutegian aukera ugari aztertu ostean zehaztu dute. Urtearen hasieran albo batera geratu zen lehen aukera apirilean egitea zen. Bigarren aukera, orain baztertuta geratu dena, probak ekainaren 2tik 14ra bitartean egitea zen. Datak bilatzeko garaian, erabakigarriak dira egoera epidemiologikoa eta gutxieneko osasun berme batzuk egoteko beharra. Hori dela eta, irail amaierarako ezarritako aurreikuspena beti egongo da pandemiaren bilakaeraren mende.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide