Hasi dira Martxoaren 8aren hiribidean bidegorri berria egiteko lanak

Erredakzioa 2021ko mar. 9a, 09:44
Aste honetan hasi dira obrak. / GASTEIZKO UDALA

Salburua auzoko Martxoaren 8aren hiribideak kilometro batetik gorako bizikleta-konexio berria izango du laster, 50.000 euro inguruko inbertsioari esker. Lanak aste honetan bertan egingo dira.

Bizikletentzako bi bidegorri egiteko lanei ekin die Raimundo Ruiz de Escuderok zuzentzen duen Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak: bata Salburuko hezegunerantz joango da, eta bestea, berriz, Madril kalearekiko biribilgunerantz.

Galtzadaren gainean marraztuko dira bizikletentzako bideak, ibilgailuenaren kontrako noranzkoan. Eta zirkulazioa orduko 30 kilometroko abiadurara mugatuko da, segurtasuna hobetze aldera.

Udal gobernuaren eta Elkarrekin taldearen arteko aurrekontu-akordioaren emaitza den esku-hartze honek 50.000 euro inguruko inbertsioa izango du, eta aste honetan bertan egitea aurreikusi da; hala ere, data zehatza eguraldiaren mende egongo da, batez ere margotze-lanei dagokienez.

"Salburua bezalako auzoetan konektibitatea hobetzea eta garraio iraunkorra eta osasungarria sustatzea da sail honen ildo estrategikoetako bat", azaldu du Ruiz de Escuderok. "Kasu honetan, kilometroak gehituko dizkiegu bizikletentzako bideei".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide