Egibidek laguntza eskatu dio Jaurlaritzari, "iraunkortasun ekonomiko ezagatik"

Erredakzioa 2021ko mar. 2a, 19:16
Aste honetan Egibideko zuzendaritzak egindako prentsaurrekoa. / EGIBIDE

"Iraunkortasun ekonomikorik gabeko egoera batera iritsi gara", ohartarazi du Egibideko zuzendaritzak, 2019-2020 ikasturteko memoriaren aurkezpenean. Eta "premiazko erantzun bat" eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.

Egibideko zuzendaritzak 2019-2020 ikasturteko jardueren memoria aurkeztu du aste honetan, Nieves Cano campuseko mediatekan egindako prentsaurreko batean. Horrekin batera, pandemiaren eraginak "iraganaren eta geroaren arteko mugarria" ekarri duela ohartarazi dute, "irakasleen, familien eta ikasleen ahaleginari esker" egokitu direla azalduz.

"Zerbitzu publikorako bokazio argia dugu, eta ekintzek ikasturtetik ikasturtera erakutsi dute, baina iraunkortasun ekonomikorik gabeko egoera batera iritsi gara", ohartarazi du Jose Ignacio Eguizabal Egibideko zuzendari nagusiak, Mila Alvarez de Eulate Nortasun eta Misioko zuzendariarekin eta Xabier Lopez de Santiago Lanbide Heziketako zuzendariarekin batera.

Etorkizunean, eskolako zein LHko plangintzan Egibide Gasteizko "zerbitzu publikoaren parte gisa" kontuan hartzea eskatu dute, "aniztasunarekin eta harrerarekin konprometituta" dagoen aldetik. Halaber, hezkuntza eragileei eskatu diete "itunpeko hezkuntza sareen eta sare publikoaren arteko dikotomia gainditzeko lan egin dezatela".

Egoera ekonomikoa

Gainera, Egibideko egoera ekonomikoari buruzko hainbat datu eman zituzten, besteak beste:

  • Ikasle bakoitzeko gastua %3 eta %19 artean jaitsi da 2009 eta 2018 urteen artean.
  • Itun-moduluak %10eko beherakada izan du 2010 eta 2020 bitartean: irakasle ez direnentzako soldaten, funtzionamenduaren eta mantentze-lanen osagaietan.

Eguizabalek azaldu duenez, horrek guztiak "jasanezintasun" egoera batera eraman ditu, eta 320.000 euroko galerak izan zituzten 2019 urte amaieran. "Jarduerarako baliabideak sortzeko gaitasunik ez dugunez, kanpoko iturrien (diru laguntzen) menpe gaude, beharrezko eguneratze teknologikoan inbertitu ahal izateko", azaldu dute.

Hala ere, LHko itunpeko ikastetxeetan inbertsioak egiteko aurrekontuak %30 jaitsi dira hamar urtetan; are gehiago, 2016an %66 jaitsi ziren. "Jasanezina den egoera batean jartzen gaitu horrek guztiak", ohartarazi du Eguizabalek.

4.000 ikasle baino gehiago

Azkenik, hezkuntza proiektuaren inguruko zenbait datu jarri zituzten mahai gainean:

  • 4.000 ikasle baino gehiago eta 450 irakasle inguru ditu Egibidek.
  • Aniztasuna: 56 nazionalitate daude.
  • Hezkuntza integrala: ikasleen %50ek hazkunde pertsonaleko ekintzetan parte hartzen dute.
  • Gizarte kohesioa: laneratze tasa %87koa da Lanbide Heziketan.
  • 400 enpresa ingururekin elkarlana.
  • 370 ikaslek hezkuntza-laguntza espezifikoa jasotzen dute.
  • Arabako erakunde publiko eta pribatuen %83ko finantzaketa: besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Vital Fundazioa, Gasteizko Udala eta Foru Aldundia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide