Etxebizitza eskubidearen aldeko dinamika berria martxan jarri dute Gasteizen

Erredakzioa 2021ko mar. 1a, 11:46
Etxebizitza eskubidearen aldeko ekimenaren agerraldia. / INOR EZ ETXERIK GABE

Itzali azpijokoak, piztu eskubideak dinamika berria abiarazi dute Gasteizen, premiazko lau neurri exijituz: kaleratzeak gelditzea, etxebizitza eskubidea zein oinarrizko baliabideak bermatzea eta inor kale gorrian ez bizitzea.

Dinamika berria abiatu du Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren kontrako Ekimenak, Itzali azpijokoak, piztu eskubideak lelopean. Larunbatean aurkeztu zuten Gasteizen, Iradier Arenaren alboko plazan.

"Udalak eta enpresek lehenesten duten hiri-ereduaren adierazle" gisa aukeratu zuten prentsaurrekoa egiteko lekua. "Azpiegitura handiak eta luxuzko etxebizitzak eraikitzen jarraitu, gure hirian etxerik ez duten bizilagunak eta bizilagunik ez duten etxeak dauden bitartean".

Etxebizitzaren "larrialdi egoera honetan" hartu beharreko "premiazko" hainbat neurri proposatu dituzte. "Gasteizen egunero urratzen da etxebizitza eskubidea, baina larrialdi egoera hau ez du Covid-19ak eragin, birus honek ekarri duen krisiak egoera bistaratu eta larriagotu besterik ez du egin", azpimarratu dute. "Erantzulea herritarron etxebizitza beharra baliatuz negozioa egiten duen sistema da; gutxi batzuen negozioa guztion eskubideen gainetik jartzen duen sistema, alegia".

Aldarrikapen taula baten eta datozen hilabeteetan antolatuko dituzten ekintzen bitartez, "hausnarketarako eta borrokarako gonbitea" luzatu diete Gasteizko bizilagun guztiei.

Kaleratzeak gelditzea

Lehen aldarrikapena pertsona guztien kaleratzeak gelditzea da, "alarma egoeran eta beti". Salatu dutenez, etxegabetzeen atzerapena ez da kasu guztietan bete alarma egoera betean: "Propagandarako baliatu den neurria izan da kasu askotan". Halaber, ez dute ulertzen kaleratzeak gelditzeko agertoki posible "bakarra" alarma egoera bat eta hilabete gutxirako izatea. "Etxegabetzeak ez daude inoiz justifikatuta", azpimarratu dute.

Alokairu soziala

"Etxebizitza eskubidea da, ez negozioa", aldarrikatu dute. Hortaz, bigarren neurria alokairu sozialerako etxebizitza parke publikoa handitzea da, gaur egun ez baita iristen EAEko etxebizitzen parke osoaren %2ra.

Horrekin batera, etxebizitzarako sarbidean diskriminaziorik ez egotea exijitu dute: "Arraza, generoa, adina... ezin dira etxebizitza eskubidea izateko muga izan".

Oinarrizko baliabideak

"Bizitzeko oinarrizkoak diren baliabideak" bermatzea eta publikoak izatea funtsezkoa dela uste dute; zehazki, ura, elikadura, argia, gasa eta interneterako sarbidea aipatuz.

"Eskubide behar lukete izan, ez negozio", azaldu dute. "Krisi honetan batez ere enpresa energetikoen diru-sarreren gorakadak ikusi ditugu, etxe askotan argia edo berogailua pizten ez genuen bitartean; konfinamenduan, Interneterako sarbidea izatearen garrantziaz jabetu ginen".

Inor ez kale gorrian

Kalean inor ez bizitzea Udalaren ardura dela eta egoerarekin amaitzeko neurriak hartu behar dituela deritzote. "Gure hirian jendea kalean bizi da, eta bakarrik larrialdi egoeretarako erabili beharko liratekeen aterpeak gainezka daude", deitoratu dute. "Egoera honi aurre egiteko Udalak ez ditu beharrezko neurriak hartzen; kontrakoa egiten du, egoera are gehiago larriagotzen duten ekintzekin, hau argi geratu da, etxebizitza alternatibarik eskaini gabe, Olarizuko bizilagunak kaleratzeko asmoarekin".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide