Nerea Martinez

"Ezin da orain arteko lana banalizatu, ezin dugu edozein memorial onartu"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko ots. 28a, 08:00

Nerea Martinez Aranburuzabala Memoria Garako agerraldi batean. M.BURUAGA

Martxoak 3ko memorialaren akordioa sinatu dute erakunde publikoek eta eliza katolikoak. Hiriko elkarteak proiektu horretan"erabakigarriak" izatea aldarrikatu du Nerea Martinez Aranburuzabala Martxoak 3 elkarteko kideak.

Eusko Jaurlaritzak, Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Elizbarrutiak akordioa sinatu dute Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa Zaramagako San Frantzisko elizan jartzeko. Akordioa txalotu du Memoria Garak, baina proiektua zehaztea, baliabide ekonomikoak ematea eta lan egutegi bat ezartzea eskatu dute. Nerea Martinez Aranburuzabala Martxoak 3 elkarteko kideak "Gasteizko herriaren proiektua" izan behar dela azpimarratu du.

Erakundeek sinatu duten akordioa ezagutu eta gero, zer eskatzen duzue?

Gasteizko herri eragileak eta elkarteak, Martxoak 3 elkartea barne, erabakigarriak izatea prozesu horretan; ez egotea bakarrik kontsultatzeko, baizik eta erabakiak hartzeko.

Parte-hartzearen aldetik, hankamotz ikusten duzu lehen urratsa?

Lehenengo urrats horretan era- kundeak bakarrik egonik... Argi dago inork ez lukeela ulertuko Martxoak 3ko memoriala Martxoak 3 elkartearen parte-hartzerik gabe, ezta? Gainera, ez da bakarrik Martxoak 3 elkartea, parte-hartzea askoz zabalagoa izan behar da memoria ahalik eta inklusiboena izan dadin. Gasteizko herriaren memoria eta hemen gertatutako eskubide urraketa guztiak salatuko dituen memoriala izan beharko litzateke. Herri mugimenduei eta norbanakoei ere irekita egon beharko da, zergatik ez?

Memorialean gonbidatu bezala nahi zaituztela uste duzu?

Egia esan, ez dakigu. Orain arte ez ditugu jaso akordio horren nondik norakoak. Hastapen fasean dagoenez beraiek ere ez dakit argi daukaten nola funtzionatuko duen. Aldiz, guk ehundik gora orriko dokumentu bat daukagu non esa- ten dugu argi eta garbi nola nahi dugun funtzionatzea. Nire ustez, beraien aldetik hanka-sartze handia izango litzateke proiektuarekin hastea guk jadanik partaidetza prozesu baten ostean eta adituen iritziak jasota sortu dugun proiektu hori kontuan izan gabe.

Erakundeek zuen proiektu hori ezagutzen dute?

Urtarrilaren 29an izan genuen lehenengo bilera erakunde guztiekin batera. Memoria Garako hiru kide egon ziren eta erakunde guztiak, eta bertan aurkeztu genien proiektua.

Nolako aldez aurretiko jarrera ikusi duzue erakundeekin izandako bilkuretan?
Beti adierazi izan digute kontuan izango gaituztela, baina gero ekintzetan ez dute hori demostratu.

Akordioaren berri egunkari batean publiko egin ostean, harremanik izan al duzue erakundeekin?

Ez. El Correok argitaratu ondoren, sare sozialetan kexatu ginen, proiektuaren berri prentsaren bidez izaten ari ginelako, eta orduan Memoria Garako eta Martxoak 3ko kide batzuk deiak jaso zituzten esanez lasai egoteko, eta mesedez kontrako iritzirik ez zabaltzeko. Guk ez dugu kontrako iritzirik plazaratuko baina kontua da gauza bat esan eta beste bat egin dutela.

Espero zenuten akordio horretan egotea?
Akordioa baldin bada etorkizunean memorialaren funtzionamenduaren oinarriak finkatzeko, nire ustez, ez du inolako zentzurik herri mugimenduak, Memoria Gara eta Martxoak 3 elkartea, kontuan hartu gabe egitea.

Memorialaren kudeaketaren inguruan zer proposamen egin duzue?

Memorialaren inguruan erabakiak hartzeko organoren bat sortzen bada, elkarteek pisu inportanteena izan beharko luketela uste dugu. Hori da guretzat funtzionamenduaren oinarria.

Lan egutegi bat zehaztea ere eskatu duzue. Zein epetan mugitu nahiko zenukete?

Garrantzitsuagoa iruditzen zait nola egin noiz egin baino. Ez dut nahi eraikin huts bat, objektuz beterikoa baina inolako edukirik gabe eta azkar egindakoa. Gasteizek merezi du memorial bat zeinetan Martxoak 3ko memoria eta beste borroka askoren memoria jasotzen diren, ganoraz, ez edozein modutan. Ezin dugu me- moriarekin jolastu, ezin da banalizatu orain arte egindako lan guztia, ezin dugu edozein memorial onartu.

Zerbait bizia nahi duzue, ez museo bat. Hori da gakoa?

Borrokarekin jarraitzeko balio duen eta gaur egungo egoera eta ematen diren injustiziak salatzeko balio duen zerbait nahi dugu. Nik ulertzen dut hori ez dela oso erosoa erakundeentzat, baina ez dugu onartuko beste modu bateko memoriala egitea eta hori bada asmoa entzun beharko gaituzte. Egia da guk elkarte moduan baliabide nahikorik ez dugula hori kudeatzeko eta gustatuko litzaigukeena egiteko. Gainera, era- kundeen inplikazioa ezinbestekoa dela uste dugu, ez soilik finantzaketagatik baizik eta Gasteizko herriari ganoraz egindako memorial bat zor diotelako.

"Memoria feministak lekua izatea ere inportantea da, integratua egotea memorialean"

Zeintzuk izan beharko dira memorialaren proiektuan oinarrizko zutabeak?

Oso garrantzitsua da sarraskian zentratu gabe borrokak eta borroka horien lorpenak zein garrantzitsuak izan ziren nabarmentzea, eta borroka horiek orainera ekartzea: zer eskatzen zen orduan, non gauden orain eta zer dagoen lortzeke. Memoria feministak lekua izatea ere inportantea da, ez egitea aparteko atal bat emakumeen ekarpenarekin, baizik eta integratua egotea memorial osoan. Didaktikoa izatea ere oinarrizkoa da, eta belaunaldien arteko transmisioa bermatzea. Bide batez, zalantzan jarri beharko litzateke nola lantzen den egun memoria. Formari dagokionez, nahiko genuke kontuan hartzea Peña Gantxegik nola diseinatu zuen eliza, eta erakusketa areto bat baino hiriaren bizitzan eta erritmoan txertatua egotea. Kudeaketari buruz, publikoa izatea baina ez instituzionala, herriaren proiektu bat izan beharko da.

Zer urrats egingo dituzue hemendik aurrera?
Guk erakundeak proiektuaren inguruan informatu ditugun bezala, bueltan haien aldetik informazioa jasotzea espero dugu, eta buruan baldin badute zeozer jakinaraztea eta adostasun batera iristea proiektua diseinatzeko. Gustatuko litzaidake beste urratsik ez egitea gurekin harremanetan jarri gabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago