Martxoaren 1etik aurrera, Udaltzaingoaren eta Suhiltzaileen zerbitzuko 55 urtetik beherako langileei AstraZeneca txertoa jarriko die Gasteizko Udaleko Laneko Osasunaren Atalak. Guztira, 379 udaltzaini eta 113 suhiltzaileri emango zaie txertoa.
Asteleheneko 8:30ean hasiko da borondatezko txertaketa, Agirrelandako instalazioetan eta orduko hamar pertsonako taldetan. Erreserbako langileak ere izango dira, hutsegiteak bete eta dosirik ez galtzeko; horretarako, egun bakoitzerako zerrendak prestatu dira. Azken sei hilabeteetan Covid-19aren probetan positibo eman duten pertsonei beranduago jarriko zaie txertoa.
Aste honetan bertan, Laneko Osasunaren Ataleko langileek txertoak jartzeko prestakuntza telematikoa jaso dute. Gainera, gela bat egokituko da, joan-etorrien logistika errazteko.
Udal langile horien txertaketa Eudelen eta Osasun Sailaren arteko akordioaren ondorioa da. Prozesua Eusko Jaurlaritzako eta Bilbo zein Donostiako Osasun Publikoaren Zerbitzuekin koordinatuta dago, eta Osakidetzak zehaztutako txertaketa estrategiaren irizpideei jarraitzen die.
Suhiltzaileen kexa
LAB sindikatuko suhiltzaileek euskal jendartean eman den "kritika sozial handiarekin bat" egin dute, aste honetan plazaratutako ohar batean.
Salatu dutenez, EAEko txertaketa "Espainiako Gobernuak ezarritako eta gobernu autonomikoek aplikatutako lehentasunaren aurkakoa da, txertaketa-taldeen artean diskriminazio larriak antzematen baitira". Ez dute ulertzen Ertzaintzari, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari txertoa jartzen hastea "anbulantzietako langile gehienek ez badute oraindik txertorik jaso; ezta irakaskuntzako langile gehienek ere".
Hortaz, Euskal Herriko Suhiltzaileen Zerbitzuetako LABeko atal sindikaletik adierazi dute ez daudela ados talde horiek EAEn eta Nafarroan txertatzen hasi diren ordenarekin. "Benetan, uste dugu osasun publikoko zerbitzuetako edozein talde, pertsonal sanitarioa eta soziosanitarioa, edo irakaskuntzako edozein talde txertatu beharko litzatekeela larrialdi-zerbitzuen aurretik; suhiltzaileak ilaran jartzen gara", kritikatu dute.