Asteazken honetako 13:15ak aldera, 092 telefonoan jasotako dei batek poliziaren presentzia eskatu zuen Sansomendi auzoko etxebizitza batean. Izan ere, emakume batek laguntza eskatu zuen giltzaperatuta zegoelako. Iritsi zirenean, udaltzainek egiaztatu zuten emakumeak ateratzea lortu zuela, ordezko giltza batzuk erabiliz.
Biktimak udaltzainei azaldu zienez, eztabaida handi baten ostean, bikotekideak mugikorra kendu zion eta giltzaperatuta utzi zuen. Biktimaren zein lekuko baten adierazpenak entzun ostean, ustezko egilea bilatu eta atxilotu egin zuten. Ostegun goizean geratu da epailearen esku.
Beste atxiloketa bat
Sansomendikoa ez zen izan asteazkenean atxilotutako ustezko erasotzaile bakarra. Gauean, udaltzainek 28 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten Lakua auzoko Zarautz kalean, bere bikotekidearen aurkako eraso delituaren ustezko egilea izateagatik.
Guztia 21:00ak baino zertxobait lehenago gertatu zen, ibilgailu baten barruan eztabaida handia izan ondoren. Udaltzaingoaren arabera, iritsi zirenean, emakumeak ezpainean zauri bat zuen odoletan, baita atzamarkak ere. Jasotako lekukotzak eta lesioak ikusita, gizonezkoa atxilotu zuten.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.